Alfontso Arroio eta Alessandro Ruta Italiako Giroan komentarista ari dira ETBren zuzeneko emanaldietan

Anboto 2019ko mai. 20a, 09:15

Italiako Giroa martxan da eta ETBk zuzenean eskaintzen ditu eguneko etaparen nondik norakoak. Bilboko estudioan batzen den lantaldeko kazetari bi eskualdekoak dira: Alfontso Arroio abadiñarra eta Otxandion bizi den Alessandro Ruta italiarra.

Arroio ETBko kazetari ezagunetako bat da eta urte askoko esperientzia du. Ruta, ostera, berria da gehienentzat. Kirol kazetaria da formakuntzaz, eta hiru urte eta erdi daramatza Otxandion bizitzen. Egunetik egunera hobeto moldatzen da euskaraz, eta ETBren eskaintza heldu zitzaionean ez zuen dudarik izan. "Zergatik ez? Beti positiboa izan naiz", dio.

Egunero autobusez egiten du Bilboko estudioetarako joan-etorria. Hantxe batzen da Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Alfontso Arroiogaz. Argi du beste hirurak direla protagonistak, saioko pisua daramatenak. Honela azaldu du bere zeregina: "Ni hiru tenoreen morroia naiz. Kantinplorak eramaten dizkiet behar dutenean". Italiarra izanda, inork baino hobeto ezagutzen ditu irudietan agertzen diren tokiak, eta horrek berbagaia ematen dio. "Italiari buruz berba egitea da nire lana. Inoiz, etapetako kilometro batzuetan ez da ezer gertatzen eta, orduan, beste era bateko entretenimendua eskaini dezaket, inguruak deskribatuz edo tokian tokiko bitxikeriak kontatuz", azaldu du. Beste aste bi geratzen zaizkio Italiari buruz dakiena ikus-entzuleei kontatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!