Iurretan hasi eta amaituko den etaparekin ekingo diote Emakumeen Birari

Joseba Derteano 2019ko mai. 14a, 17:43

UCI mailako 20 txirrindularitza taldek parte hartuko dute.

Gaur aurkeztu dute WWT mailako Emakumeen Bira, Bilbon. Lau etapatan banatuta, datorren asteko eguaztenean hasiko da eta zapatura arte iraungo du. UCI mailako 20 taldeen artean bat Durangaldekoa izango da: Bizkaia-Durango. Urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa izango da Agurtzane Elorriagak gidatutako taldearentzat.

BIRAKO ETAPAK

Maiatzak 22: Iurreta-Iurreta

Maitzaren 22an Iurretan hasi eta amaituko da 101 kilometroko lehen etapa. Nahiko ibilbide samurra izango du eta Artebakarra eta Astoreka izango dira eguneko mendate bakarrak, biak 3. mailakoak.

Maiatzak 23: Aduna-Amasa

112 kilometroko bigarren etapak oso ibilbide gorabeheratsua izango du. Ibilbidean mendate bi bakarrik daude –Altzo eta Alkiza, 3. mailakoak— baina txirrindulariek arnasa errekuperatzeko denbora gutxi izango dute etengabe aldapei, bihurguneei eta jaitsierei aurre egiten ibiliko direlako.

Maiatzak 24: Zuiako Ametzaga-Santa Teodosia

Azken aurreko etapak –98 kilometro– bi zati desberdin ditu. Aurreneko 80 kilometroak lauak dira eta abanikoak sortzeko arriskua dago. Azken 20 kilometroak benetan gogorrak dira. Lehenengo mailako Opakua igoko dute hasteko: 7.4 kilometro, batez beste, %5.7ko aldapekin. Hirugarren etapa Santa Teodosia mendate gainean amaituko da: 2.7 kilometro, %17ra arteko aldapekin.

Maiatzak 25: Oñati-Oñati

Birako azken etapa denetan luzeena —158 kilometro— eta gogorrena da. Txirrindulariek Udana (3. maila), Atagoiti (2. maila), Untzilla (3. maila) eta Asentzio (1. maila) igo beharko dituzte helmugara heldu aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!