Durangaldeko hainbat kulturgile eta ostalarik bat egin dute Arteak Irekik egindako deialdiagaz

Karolina Suarez/Aritz Maldonado 2019ko mar. 22a, 12:00

Durangaldean ere hautsak harrotu ditu tabernetako eta areto txikietako emanaldiak mugatuko dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretuak. Besteak beste, hilean kontzertu bi eta urtean hamabi izatera mugatuko ditu, eta horrek kezka sortu du kulturgileen zein ostalarien artean. 

Horri erantzuteko asmoz, Arteak Ireki plataforma sortu zen otsailean, dekretua aurkeztu berritan. Milaka herritarrek babestu dute plataformaren manifestua, eta sareetan ere hamarka dira ekimenaren alde agertu diren artista zein norbanakoak. Ekimenaren harira, Keep on rocking in the free world abesti ezaguna moldatu dute hainbat musikari ezagunek.

Arteak Ireki plataformak herririk herriko mobilizazioetara deitu du martxoaren 23rako. Hartu zure kulturaespazioa lelopean, "aktibazio kulturalerako" egunean parte hartzera deitu dute. Gutxienez, 30 ekitaldi daude iragarrita Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritan. Durangaldean ere hainbat kulturgile eta ostatuk bat egin dute deialdiagaz. Horrela, ohikoa baino agenda aberatsagoa egongo da eskualdean asteburuan. Durangoko Goienkalen dagoen Anttonio´s tabernan, adibidez, egun bat aurreratuko dute deialdia. Mocker´s durangarrek akustiko laburra eskainiko dute, eta, horren ostean, Ingertzi Leviosak musika jarriko du. Zapaturako egun osoko egitaraua prestatu dute Berrizen. Hamabi gunetan beste horrenbeste kontzertu antolatu dituzte. Besteak beste, Etsipen, The North, Storm edota Etxek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte. Zaldibarko Sorginen,ostera, Kike Tormenta arituko da.

Eskualdeko hainbat lokalek ibilbide luzea dute horrelako ekimenak antolatzen, eta neurri horrek kalte zuzena eragingo die. Horregatik, "kulturaren kontrako erasoen aurka" emanaldia antolatu dute Durangoko Txoria Nuen Maiten. Itsuak musika jarriko du, Paddy Rekaldek olerkiak irakurriko ditu eta Oier Floresek margo performancea egingo du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!