“Urkiolan gauza handiren bat topatzeko esperantzarik handiena Deabruatxen dugu”

Markel Onaindia 2019ko mar. 15a, 09:59

Traña-Matienan eskolaz kanpoko jarduera lez hasi ziren espeleologia lantzen 1987an, eta horren ondorioz jaio zen GEMA taldea. Gaurko belaunaldiaren parte dira Eneko Garitaonandia durangarra eta Andoni Arbulu atxondarra. Hogei kide inguru daude federatuta, eta zortzi bat era aktiboan dabiltza.

Zer du espeleologiak zuen grina erakartzeko?
E.G.: Esploratzea eta gauza berriak topatzea da gehien motibatzen zaituena.  Anbotoko Mariren kobak beti eduki du xarma berezi bat, eta han 185 metroko putzu bat topatzea zerbait berezia izan zen niretzat.
A.A.: Deabruatxeko koba, adibidez, 2010ean topatu genuen eta urte bi buru-belarri ibili ginen bertan. Oraindik ere han segitzen dugu ikerketan. 6 kilometroko luzera du; hori oso zaila da hemen aurkitzea.

Eskuagatxen dago koba hori. Zuen argitalpenetan esan izan duzue potentzial handiko koba dela.
E.G.: Bai. Urkiolan gauza handiren bat topatzeko esperantzarik handiena Deabruatxen dugu. Kobazuloari beste sarreraren bat topatu gura diogu, ea beste koba batzuekin loturak dituen ezagutu... Deabruatxekoa salbuespen bat da; gure belaunaldirako ez da normala koba oso bat topatzea. Aurreko belaunaldien lanari jarraipena ematea izaten da ohikoa.  
A.A.: Bertako mendien ezaugarriengatik, normalean bertikaltasuna topatzen dugu, horizontaltasuna barik. Eskuagatx mendigune zabal bat da, eta goian landaredia dauka. Beste mendietan, ura sartu egiten da eta aukera gehiago egoten da kareharria disolbatzeko. Eskuagatxen tarte txiki batean gaude lanean oraindik. Hiru pisutan zehar eta hainbat sare eta galeriatan banatzen da.

Ikerketaz aparte, erreskateetan parte hartzen duzue.
E.G.: Oso istripu gutxi egoten dira kobetan, baina gertatzen denean jende eta baliabide asko behar izaten dira pertsona bat ateratzeko. Horretarako, espeleologoak gara erreskatatzailerik onenak. Hainbat taldetako boluntarioek osatzen dugun Euskal Espeleo Laguntza taldean, Eusko Jaurlaritzagaz hitzarmen bat daukagu, behar izanez gero laguntzeko.

Garbiketak ere egiten dituzue kobazuloetan. Eskuagatxen, 400 kilo hondakin atera zenituzten urrian.
E.G.: Garbiketak talde moduan zein Euskal Espeleologoen Elkargoagaz egin izan ditugu. 2013an, esaterako, Larranon koba bat garbitu genuen, Urkiolako Parke Naturalekoekin akordio batera ailegatuta.
A.A.: Azken urteetan elkargokoekin ibili izan gara. Urtean bi edo hiru kobazulo garbitzen ditugu. Eskuagatxekoa izan da azkena.

Esplorazioen datuak eta topografiak katalogatzen dituzue.
E.G.: Kobazuloen datu base edo katalogo bat daukagu. Elkargotik, Euskal Herriko katalogo bat on line ipintzea da helburua.
A.A.: Elkargoak Karaitza aldizkaria dauka eta bertan publikatu izan ditugu datuak, topografiak...
E.G.: Azken batean, ingurua babesteko modurik onena ezagutzera ematea da, jendeak jakin dezan lurpean zelako altxorra dagoen. Horixe da gure helburua.
A.A.: Guk edaten dugun ura haitzetatik dator, eta ez badugu errespetatzen...

Zein sentsazio izaten da horrelako kobazulo baten barruan egotean?
E.G.: Mundutik aparte zaudela, isolatuta. Hor ez dago ez mugikorrik, ez GPSrik, ez ezer. Inguru hori orain 1.000 edo 2.000 urte zegoen moduan dago; ez da eraldatu kanpoaldeagaz alderatzen baduzu.
A.A.: Urteekin egokitu egiten zara, eta, nik behintzat, koban topatzen dudan lasaitasuna ez dut beste inon topatzen.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!