Pentsiodunen mugimendua astelehenero kalera irteten dabil iazko urtarriletik, eta datorren asteleheneko zita berezia izango da Durangon eta Iurretan. Herri bietako pentsionistek indarrak batuko dituzte manifestazio bateratu bategaz.
Hain justu, 100 urte beteko dira erretiratuentzako zenbait eskubide onartu zirenetik, eta horixe gogoratuko dute manifestazioan. 1919ko martxoaren 11n, erretiro behartua eta zahartzaroko derrigorrezko asegurua ezarri ziren, eta 65 urte betetzean prestazioa betetzeko langile guztiak kontuan hartu ziren. Gerora etorri ziren amatasun baja eta langabezia asegurua, besteak beste. Pentsionistek oharrean adierazi dute duela 25-30 bat urte ere aurrerapausoak eman zirela, baina 2011 eta 2013ko lan erreformek "pentsioei eraso" egin dietela. "Ez dugu asko aurreratzen, ez dugu eskubiderik finkatzen, edo atzera egin dugu lan-baldintzetan", kritikatu dute.
Apirilaren 13rako eta maiatzaren 11rako ere manifestazioak iragarri dituzte. Bestalde, martxoaren 8ko grebagaz bat egin dute.