"Pentsiodunok 10 hilabete daramatzagu borrokan, eta lortu ditugun gauzak borrokagatik izan dira"

Markel Onaindia 2018ko aza. 23a, 09:25

Hamar hilabete dira pentsiodunak astelehenero kalera irteten hasi zirenetik, eta oraindik "pentsio duinen" aldeko protestari eusten diote. Gaur beste mugarri bat ipini gura dute Durangaldeko manifestazioagaz. 18:00etan hasiko da, Andra Maritik.

"Pentsiodunok hamar hilabete daramatzagu borrokan, eta lortu ditugun gauzak borrokagatik izan dira", uste du Matias Oregik, Durangoko pentsiodunen mugimenduko kideak. Pentsioen igoera %0,25ekoa izango zela iragartzean hasi zen gatazka, eta orain, PSOEren gobernuak KPIaren arabera igotzea berba eman die, urte birako. Lorpen hori ez da betirako, beraz. Eguzkiñe Uriondo iurretarra Magdalena Valerio ministroagaz batzartutako ordezkaritzako kidea da. "Valeriok esan zigun eurak ez direla ezertara konprometitzen gerora", gogoratu du. Gobernuek konpromisoak hartzea gura dute, Itziar Madariaga zornotzarrak dioenez. "Pentsioen gaia finkatuta egon behar da etorkizunerako. Ez dadila izan hauteskundeak irabazten dituen gobernuaren araberakoa". Gobernuagaz negoziazioa gura dute, eta, bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuetan konpentsatu dezala hutsunea.

Horrez aparte, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezarri gura dute, eta alarguntasunarena kontuan hartzea. Hain justu, Uriondo eta Madariaga alargunak dira. "Gu jubilatuta gaudenez, pentsio txiki bat daukagu, eta alarguntasunarena ez digute ordaintzen", esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!