Amankomunazgotik "beharrezko" ikusten dute Bizkaiko Aldundiagaz lankidetza proiektu bat gauzatzea

Joseba Derteano 2019ko ots. 15a, 09:00

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak www.change.org webgunean abiatu duen sinadura bilketak 1.452 lagunen babesa izan du orain arte. Berrizko belodromoa estaltzeko eskatzen du ekimenak, eta, gutxienez, 1.500 sinadurara heltzea du helburu, zerrenda hori erakundeengana bideratzeko gero.

Izan ere, belodromoa estali barik egoteak zuzenean eragiten die. "Bizkaiko txapelketak Tafallan antolatu behar ditugu", adierazi du Agus Ruiz federazioko presidenteak. Horrez gainera, belodromoa gazteak errepiderako trebatzeko toki aproposa dela uste du. "Belodromoa txirrindularitza eskola bat da", Ruizen ustetan.

Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak gogoratu du Mankomunitatea "erakunde txikia" dela eta ezin dituela proiektu guztiak era berean garatu. Hala ere, hurrengo legegintzaldian belodromoaren gaia "mahai gaianean" egongo dela azaldu du. "Estaltzeak zer suposatu dezakeen aztertu beharko dugu, bai inbertsio aldetik, bai gerora horrelako instalazio bat kudeatzeak suposatu dezakeenagatik. Horretarako, txirrindularitza federazioagaz eta bestelako agenteekin biltzeko prest gaude", adierazi du.

Proiektua aurrera eramateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza "beharrezkoa" iruditzen zaio. "Bestalde, belodromoa Berrizen dago eta Berrizko Udalak ez du Mankomunitateko kirol instalazioetan parte hartzen. Berrizko Udalaren inplikazioa ere aztertu beharko litzateke", azaldu du.

Oro har, "zuhurtziaz eta erantzukizunez" jokatu behar dela dio, eta gogoratu du belodromorako ematen duten diru-laguntza "%100 baino gehiago" igo dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!