Elkarlanean Formigalera eski irteera antolatu dute Abadiñoko Alluitz eta Iurretako Zaldai mendi taldeek. Autobusa, ostatua eta egun birako forfait-a barneratzen dituen eskaintza 145 euro da (140 euro bazkide direnentzat). Interesatuek alluitzmenditaldea@gmail.com helbide elektronikoan eman dezakete izena.
Zaldairen erronka abian
Bestalde, Zaldai taldeak urtea hastearekin batera abiatu du 2019ko mendi erronka. Aurten ere 30 mendi daude aukeran Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Ipar Euskal Herri eta Pirinioen artean banatuta. 18 urtetik gorakoek bost herrialdetako 10 mendi igo beharko dituzte erronka osatzeko. Aurten 3.000 metrotik gorako mendi bi daude, biak Pirinioetan: Garmo Negro (3.064) eta Pica d’Estats (3.142).