Berton Bertokoako kideek urte bi daramatzate bestelako jantoki eredu baten aldarrikapena lantzen. Eskualdeko eragile eta elkarte askoren babesa jaso dute, baita alderdi politiko guztiena ere. Bideoan ibilbide horri errepasoa egiten diote, eta amaieran "nekea" agertzen dute, euren eskaerek instituzioen partetik erantzunik eduki ez dutela ikusita. "Inposatua zaigun oraingo catering sistemak ez gaitu asebetetzen. Aldaketa proposamen konkretuak egin ditugu, eragileekin bildu gara, ekoizleekin eta catering enpresekin eurekin ere bai, baina edozein aldaketa Eusko Jaurlaritzaren esku dago eta ez dugu ikusi haren aldetik gure eskaerei erantzuna emateko inongo borondaterik", salatu dute oharrean.
Ikastetxe batzuetan ez dute sukalderik, eta egoera horri buelta ematea da eskakizun garrantzitsuetako bat. Udalekin eta Jaurlaritzagaz hartuemanetan ibili dira, eta udalen aldekotasuna duten arren, momentuz ez dute lorpenik. Gainera, eskualdeko jantokietan bertako eta sasoiko produktuak kozinatzea da dinamikaren oinarrizko helburua, eta hori ahalbidetzeko egungo eredua aldatu beharko luke Lakuako gobernuak, ikastetxeei eta instituzio lokalei erabaki ahalmena eskainita.