Jantokien eredu "osasuntsua, bertakoa eta justua" garatzea eskatu diote Jaurlaritzari

Markel Onaindia 2018ko abe. 17a, 09:58

Berton Bertokoa partaide den Gure Platera Gure Aukera plataformak eskola-jantokien inguruko proposamenak bidali dizkio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, duela zenbait hiletik gaiaren inguruko mahai bat egon da legebiltzarrean, eta badirudi laster Lakuatik zenbait aldaketa emango direla. Gestio berri horretan euren eskakizunak kontuan hartzea eskatu diote Gure Platera Gure Aukerakoek.

Jantokietan bertako produktuak eskaintzea da proposamenetako bat. "Landa-eremu bizia eta lehen sektorea sartzearen aldeko apustu politikoen laguntzarekin egin behar dira aldaketa hauek", esan dute. Gainera, modu horretan, jakien kilometroak murriztu eta ingurumenaren alde egingo litzatekeela uste dute. Bestalde, jantokiena zerbitzu izatetik arlo pedagogikora pasatzea beharrezko dela diote. "Eskola jantokiek duten balore pedagogikoa berriro hartzea nahi dugu eta gure seme-alaben elikadura gure inguru eta kulturarekin bat etortzea". Eskola batzuetan ez dute sukalderik eta hori aldatzea ere beharrezko ikusten dute.

Oharrean diotenez, Jaurlaritzak kontratazio-pleguak zabalduko ditu laster, eta horietan enpresa txiki eta ertainei ere lekua egitea eskatu dute. Orain arte enpresa handi batzuen esku egon da jantokien zerbitzua. Hala ere, Gure Platera Gure Aukerakoek eztabaida zabaldu eta gestioa deszentralizatzea gura dute, eskolek ere erabaki ahal izateko zelako gestioa egin gura duten. Adibidez, Katalunian bisitan izan ziren urrian hango eredua ezagutzeko; guraso elkarteek, ikastetxeek eta tokiko instituzioek ere jantokiak kudeatzeko aukera dute han.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!