“Sukaldea egonda, egoera oso desberdina izaten da; umeen jarrera aldatu egiten da jatekoaren aurrean”

Markel Onaindia 2018ko api. 20a, 09:30

Euren umeek eskolan jaten dutenagatik kezkatuta dauden gurasoak dira. Bertako eta sasoiko produktuekin elikatzea gura dute, eta eskolako sukaldean bertan kozinatuta gainera. Baina lau ikastetxe publikotan ez dute sukalderik; hori egia bihurtzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari, eta bide horretan laguntzeko udalei. Iñako Gurrutxaga (Iurretako Juan Orobiogoitia institutua), Isa Gonzalez (Durangoko Zabalarra eskola), Alex Azpiri (Atxondoko eskola) eta Sergio Gallego (Zaldibarko eskola) dira eskatzaileetako batzuk.

 

Zuen ikastetxeetan sukaldea ipintzea eskatu duzue. Zer egoera bizi duzue? Zelako espazioak dituzue?

Iñako: Bakoitzak egoera bat bizi du. Gure kasuan, Iurretako Juan Orobiogoitia DBH eta batxilergoko institutua da, eta lehen sukaldea egon zenez, lekua badago egon. Ez dagoena tresneria da. 

Isa: Zabalarra eskola Hizkuntza Eskola izan zen lehenago, eta horregatik, ez daukagu sukalderako lekurik. Zerbait berria eraiki beharko litzateke sukaldea edukitzeko. Eusko Jaurlaritzari eskatutako bileraz aparte, udalari ere egin diogu eskaria. 

Sergio: Zaldibarren ez da inoiz egon sukalderik, baina orain dela hogei bat urte jangela bat ipini zuten. Oso txikia denez, zerbait berria beharko genuke sukaldea ipintzeko. 

Alex: Atxondon eraikina berria da, eta nik uste badugula lekua sukaldea ipintzeko. Geuk ere eskatu diogu laguntza udalari. 

 

Sukaldea ipintzea lortuz gero, jatekoak cateringekoa izaten jarraituko luke momentuz. Beraz, zein abantaila izango luke?

Iñako: Nire kasuan, Orobiogoitian eta Maiztegi eskolan dauzkat umeak, eta Maiztegin sukaldea egotera, oso egoera desberdina izaten da; umeen jarrera ere aldatu egiten da jatekoaren aurrean. Gainera, sukaldea egotetik ez egotera pasatzen dira eta aldaketa igartzen dugu. Jatekoa bertan egitea beste zerbait da, produktua kanpokoa izan arren. Guretzat urrats garrantzitsua da, benetako aldaketa bideratu ahal duelako. Bertako produktua ekartzen badute baina ez badugu sukalderik...

Sergio: Horrelako catering enpresek 28.000 plater egin ahal dituzte egunero; ez da berdina 100entzat egitea edo 28.000rentzat. Goizaldean hasten dira kozinatzen; gero, janariak ez dakit zenbat kilometro egiten dituen...

Alex: Janaria bost-sei ordutan depositu batzuetan egoten da, 70 bat gradutan. Eskolara heltzen denerako propietate guztiak galdu ditu. 

Isa: Produktua kozinatzen den lekuan, propietate guztiak mantentzen dira, osagai nutritiboak, bitaminak... 

 

Bestalde, Berton Bertokoa osatzen duzuenok astean behin bertako produktuak kozinatzea eskatu diezue catering enpresei.

Sergio: Kontziente gara une honetan lurraldea ez dagoela prestatuta egunero bertako produktuak emateko; ez dago ekoizle nahikorik, ez dago transformazio azpiegiturarik... Horregatik, lehenengo pausoak ematen gabiltza. Lurraldea antolatu eta bizia emateko modu bat izango zela uste dugu, lehen sektorea berrindartzeko... 

Iñako: Sare bat hedatu, jendea pixkanaka kontzientziatu... horretan ari gara, eta hor sartzen dira baita ere catering enpresak. Gauzak aldatzen ari direla konturatu behar dira, eta eurak ere mugitu behar direla. 

Alex: Urkiola Landa Garapenaren proposamena izan zen gu enpresekin batzea. Suposatzen da bertako ekoizleekin berba egiten hasiko dela, euren artean saretu eta gure eskaerari erantzuteko. Baina sukalderik ez dugunontzat ez dago alternatibarik. Zelan bermatu bertako produktuak kozinatzea? Umeek zer jaten duten kontrolatu gura dugu, eta uneotan ezinezkoa zaigu.

Isa: Bai. pauso hori emango balitz, pena bat izango litzateke, gure eskoletan ezingo genukeelako ikusi.

 

Azken finean, umeen elikadura hobetzea da zuen helburua.

Sergio: Bai. Hori da gure oinarrizko zutabea. 

Iñako: Ez gabiltza eskatzen igerileku bat edo futbol-zelai bat.

Alex: Umeen oinarrizko eskubidea da ganorazko elikadura bat edukitzea pertsona moduan garatzeko. Eurek ez dute gaitasunik eurena defendatzeko, eta hor sartzen gara gu, gurasook. Gainera, gaiak ingurunean dakartzan eraldaketa eta  hobekuntza nabariak dira, eta gaurko ekitaldia [joan zen eguenekoa] da adibide.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!