Abadiño eta Elorrio elkarren kontra ariko dira herri kiroletan ETBko programa berrian

Anboto 2019ko urt. 10a, 20:00
Ibarraren eta Tolosaren arteko saioko irudia.

Bosteko taldeetan banatuta, Mungiako probalekuan neurtuko dituzte indarrak otsailaren 2an. Autobusak antolatu dituzte saioa bertatik bertara jarraitzeko.

ETBn ‘Bostekoa’ izeneko programa berria estreinatuko dute laster. Saio bakoitzean herri bi izango dira protagonista eta, bosteko taldeetan banatuta, herri kirol probetan neurtuko dituzte indarrak. Programa bat Abadiñoren eta Elorrioren artekoa izango da. Herri bietako parte-hartzaileak sokatiran, harri jasotze lanetan, txingak eramaten, trontzan eta giza probetan arituko dira. Lehia hori otsailaren 2an egingo dute, goiz-eguerdi partean, Mungiako probalekuan. Aitor Zubieta pilotari ohia izango da aurkezlea.

Programako antolatzaileek autobusak jarriko dituzte Abadiñotik zein Elorriotik programa bertatik bertara jarraitzeko. Izena-emateko bi modu daude: 650 50 30 01 telefonora deituta eta bostekoa2018@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Abadiñoren eta Elorrioren artekoa bigarren grabaketa saioa izango da. Lehenengoa Ibarraren eta Tolosaren artekoa izan zen. Hain zuzen bi saio hauetako irabazleek neurtuko dituzte indarrak finalerdietan. Beste finalista Leitza-Goizueta eta Errezil-Azpeitia herrien arteko demetatik irtengo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!