Gaztetasunak lagunduta, igotzeko hautagai bihurtu dira Elorrio eta Urgozo errugbi taldeak

Joseba Derteano 2018ko aza. 25a, 10:50

Euskadiko Bigarren Mailako sailkapenari begiratzeak gustua ematen du: Elorrio Rugby Taldea lider dago jokatutako bost partiduak irabazita, eta Zornotzako Urgozo orpoz orpo du, porrot bakarragaz. Talde biak igoera faseko postuetan daude.

Jokalari gaztez beteta daude. Esaterako, Elorrion 19 urteko 12 gazte lehenengo taldera igo dira aurten. Denak aldi berean. "Taldearen maila igo egin dute eta, gazteak direnez, hobetzeko tartea dute oraindik", azaldu du Julen Herrerok, Joan Ander Crendegaz batera Elorrio gidatzen duen entrenatzaileak. Gazteekin, iaztik jarraitzen dutenekin eta errugbira itzuli diren hiru-lau jokalarigaz talde "indartsua" osatu dutela uste du. "30 bat fitxa ditugu eta partiduetara joateko 25 bat jokalari prest egoten dira". Kantitatea eta kalitatea, bietatik dute. "Gustua ematen du entrenamenduetara joateak", onartu du.

Urgozoren batez besteko adin tartea 22 urte inguruan dago. Orain lau urte sortu zuten taldea eta Aitor Etxebarriak hiru daramatza entrenatzaile. Espainiako selekzioagaz hainbat bider jokatu duen gorliztarrak kabi aproposa aurkitu zuen bere jakintza zabaltzeko. Urte horietako lanaren uzta jasotzen ari dira aurten. "Denboraldi hasieran esan nien aurten puntutxo bat gehiago eman behar genuela eta, egia esanda, ematen ari dira, oso ondo gainera", dio Etxebarriak.

Igoera fasea buruan
Orain arteko emaitzak ikusita, Urgozo taldekoek helburuak eguneratu dituzte. "Igoera fasera sailkatzen saiatuko gara", onartu du Etxebarriak.

Elorriok ere igoera fasea du helburu. Igoera lortuz gero, taldean erabakiko dute hori baliatu ala ez. "Jende gaztea dagoenez, beharbada baietz esango dute. Denen artean hartu beharreko erabakia izango da", argitu du Herrerok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!