Elorrio eta Abadiñoko landa eremuko emakumeen egoera aztergai

Maialen Zuazubiskar 2018ko urr. 11a, 13:10

Landa eremuko emakumeei ahotsa eman asmoz topaketak antolatu dituzte herri bietan. Abadiñon Mendiolako Errekatxo auzo elkartean batuko dira urriaren 15ean, 17:30ean. Elorrion, berriz, urriaren 17an, 17:30ean, Gazeta auzoko Lagunarte kofradian.

Otsailaz geroztik, Elorrio eta Abadiñoko landa eremuko emakumeen egoera aztertzen dabil Leire Milikua abadiñarra, udal bien babesagaz. Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Idoia Buruaga Elorrioko alkateak jakitera eman duenez, herri bietan landa eremuak pisu handia dauka, beraz, azterketa hori egitea "beharrezko" ikusi dute. Iñaki Rekalde Abadiñoko zinegotziak esan duenez, Abadiñoko landa eremuko emakumeek biztanleriaren %6a osatzen dute.

Abendurako prest izatea aurreikusten duten diagnosiari esker udal biek emakume horiek zer gura duten jakingo dutela eta Elorriok eta Abadiñok emakumeen egoeraren argazkia izango dutela esan du Milikuak. "Landa eremuko emakumeen gaur egungo egoeraren argazkia izatea beharrezko ikusten dugu", adierazi du Idoia Buruagak.

Diagnosia hiru fasetan osatzen dabiltza. Marko teorikoa osatu eta 18 emakumerekin elkarrizketak egin ostean, landa-eremuko emakumeen topaketak egingo dituzte datozen asteetan. "Saio kolektibo hauen asmoa emakumeekin elkarrizketetan irtendako bizpahiru gai jorratzea eta topaketarako espazioak sortzea izango da", esan du Milikuak. Lehenengo saioa urriaren 15ean, 17:30ean, Abadiñoko Mendiola auzoko Errekatxo auzo elkartean izango da. Elorrion, berriz, urriaren 17an, 17:30ean, Elorrioko Gazeta auzoko Lagunarte kofradian.

Azaroan, berriz, parte-hartzaileen artean emaitzen balidazioa-saioak egingo dituzte. Ondorio hauek azaroaren 5ean, 18:00etan, aurkeztuko dituzte Mendiola auzoko Errekatxo auzo elkartean eta azaroaren 7an, Gazeta auzoko Lagunarte kofradian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!