Zelan eragingo dio Oizko etapak trafikoari?

Anboto 2018ko ira. 8a, 09:00

Ertzaintzak neurri batzuk iragarri ditu ohar batean.

- Autorik ez pistako bazterretan: Bi pista daude Oizera joateko: Bizkaiko Balkoitik (lasterketako ibilbidea) doana, eta Garai eta Goiurua arteko sarreratik gora San Kristobal ermitaraino doana. Ezingo da pista horietako bazterretan aparkatu. Horretarako, aurreko gauetik Ertzaintzak kontrol guneak jarriko ditu pista bietarako sarreretan eta patrulla-autoak gora eta behera ibiliko dira pista alboetan zirkulazioa zailtzen duen ibilgailurik aparkatuta ez dagoela segurtatzeko.

- Helmuga inguruan trafikorik ez aurreko gauetik: Muntaia lanak errazteko helmuga inguruan ibilgailuen trafikoa galeraziko dute aurreko gauetik.

- Pistan trafikoa izteko aukera: Pista inguruetan ibilgailuak aparkatzeko dauden tokiak beteta daudela ikusiz gero, pistako trafikoa itxi egingo dute aurreko gauetik. Gainera, egoera hori ematea litekeena dela dio Ertzaintzak. Hori gertatzen bada, eguaztenean, lasterketaren egunean, ezingo da ibilgailurik sartu pistetara.

- Garaitik Goiuriara trafiko mozketa: Eguaztenean, 12:00etan, Garaitik Goiuriarako errepide zati bat itxi egingo dute: Santa Katalina ermitaren eta Oizerako pistarako sarreraren arteko zatia, hain zuzen. Noranzko batean itxiko dute: Goiuriarako noranzkoan, hain zuzen. Arrazoia honako hau da: txirrindulari taldeen autobusak errei horretan aparkatuko dituzte.

- Etapa amaitzen denean noranzko biak itxita: Lasterketa amaitzen denean, Santa Katalina eta Oizerako sarrera arteko errei biak itxiko dituzte. Ziklisten erosotasuna eta segurtasuna zaintzea dira helburuak. Errepidea, noranzko bietan, ordubete inguru egongo dela itxita aurreikusten du Ertzaintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!