Airearen kalitatea

EH Bilduk airearen kalitatearen inguruan ikerketa independente bat egiteko eskatu dio gobernu taldeari Durangon

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 9a, 21:11

Durangoko airearen kalitateari buruz Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketaren inguruko balorazioa egin du EH Bilduk. Oposizioko alderdiak aurreratu duenez, Durangoko Amankomunazgoak airearen azterketa egingo du hurrengo udazkenean, "eskualdeko airearen kalitatea zein den ikusteko". Era berean, EH Bilduk airearen kalitatearen inguruan ikerketa independente bat egiteko eskatu dio Durangoko gobernu taldeari.

PNV eta PSE buru dituen Durangoko gobernu taldeak gaia "gaizki eta berandu" kudeatu duela dio EH Bilduk. "Ikusten dugu PNV-PSEren gobernu taldeak airearen inguruko ikerketak bukatutzat eman dituela, gaia konponduta dagoela, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketak emaitza onak ematen dituela argudiatuz".

Oposizioko alderdiak gaineratu duenez, ikerketa onena "egunerokotasunean herritarrek egiten dutena" da.  Azken aldian "inoiz baino usain eskasagoa" dagoela kritikatu dute. 

EH Bilduk aurreratu duenez, Durangoko Amankomunazgoak, airearen azterketa egingo da datorren udazkenean, eskualdeko airearen kalitatea zein den ikusteko. Ikerketa hau "Durangaldeko ikuspuntutik" egingo dela azaldu dute, eta emaitzak herri bakoitzari helaraziko dizkiotela, "bakoitzak beharrezko neurriak har ditzan". 

Airearen kalitatea hobetzeko Elorrioko Udalak egin duen kudeaketa nabarmendu du EH Bilduk. "Gauzak ondo daudenaren autokonplazentzia itsuan erortzea guztion kalterako da", diote prentsa oharrean. Ildo horretatik,   gobernu taldeari "beste ikerketa zehatz, oso eta independente bat" eskatu diote. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!