Paterne trebea da materialeak moldatzen. Horretarako behar dituen erramintak Jesusek, biltegiko arduradunak, eskaintzen dizkio. Zerbait falta bazaie Irene administrariarengana joko dute, diru kontuak zelan dauden jakiteko. Eider, aldiz, proiektuko arduradun nagusia da. Lankidetza horren emaitza da gaur Caritasen Etxepel egoitzari eman dioten egurrezko apal sorta.
Behargintzako Txertatu Merkatuan egitasmoaren barruan jardun dute lau gazteek. Lan munduan sartzeko zailtasunak dituztenei laguntzea da proiektuaren helburu bat. “Lan barik zeuden eta ez zekiten ondo zein bide hartu lan merkatuan. Tailer honen bidez euren burua ezagutzen joan dira, euren gaitasunak zeintzuk diren ikasten eta ahalduntzen”, azaldu du Asier Ordorika programako hezitzaileak apalak Caritaseri emateko antolatu duten ekitaldian. Barne esplorazio horrekin batera, talde lanean aritzeko gaitasunak landu dituzte 18 eta 24 urte arteko gazteek.
Caritaseko arduradunekin batu eta egoitzan zituzten beharrizanak jakin ostean erabaki zuten erabilera askoko apalak egitea. Recigroup kooperatiba fiktizioa sortu eta hiru hilabetez elkarlanean aritu dira. Dena birziklatutako materialekin egin dute, egitasmoaren beste zutarrietako bati jarraituz.
Txertatu Merkatuan egitasmoa osatzen zuten hiru tailerretako azkena da gaur aurkeztu dutena. Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoko presidenteak ekimenaren transbertsalitatea azpimarratu du. “Programak gure arlo guztiak hartu ditu eta oso pozik gaude emaitzagaz”, azaldu du.