Ikastaroan zehar, lan munduko errealitatera gerturatzeko praktikak ezagutu dituzte aurtengo ikasleek. Esaterako, fikziozko kooperatiba bat sortu dute. Materialak berrerabiltzeko tailer bat ere eduki dute, eta bertan birziklatutako produktuekin sortu dituzte Geu Beri emandako opariak. Loreontziak, baldak, jolasak eta atsedenerako produktuak izan dira asmatutakoak, besteak beste.
Elkarteekin hartu-emanak
Behargintzako ikastaroak iraundako hilabete hauetan zehar, Durangaldeko elkarte eta entitate ugari ezagutzeko eta eurekin hartu-emanak sortzeko aukera eduki dute gazteek. Horrelako esperientzia batean ezagutu zuten Geu Be, eta ikastaroa amaitu denean, euren lanak haiei ematea erabaki dute. Gaur eguerdian egingo dute dohaintza ekitaldia. Hain justu ere, Geu Bekoak izan dira partaide batzuk.
Behar bereziak edo aniztasun funtzionala duten hainbat lagunen eta euren familien elkartea da Geu Be. Seme-alabei aisialdi eskaintza ematea eta gizartean integratzea da euren helburua. Gaia sozializatzen ere egiten dute lan.