“Teknikoki talde asko dira gu baino hobeak; jarrera aldetik, baina, gutxik dute gurea”

Aritz Maldonado 2018ko eka. 15a, 13:30
Argazkia: Amaia Zaitegi.

Berriro bueltan dator Nevadah lan berriagaz. 'We´re coming to you' diskoan are nabariagoa da rock&roll, blues eta garage iturrietatik edan dutela; guztiak nahastu, eta koktel gordina bezain dantzagarria proposatzen diote entzuleari.

Eurek dioten bezala, burua eta hankak musikaren erritmora dantzan jartzeko moduko musika da Nevadahrena. Behar kontuengatik Jokin Alberdik taldea utzi eta Anartz Ugartek hartu du baxua orain; Liher Arteagak (gitarra), Jon Agirrek (Ahotsa), Pello Bañosek (Bateria) eta Jon Agirrebeitiak (Gitarra) osatzen dute Nevadah, Ugartegaz batera.

Zer aurkituko du entzuleak lan berri honetan?
Pello Baños: Aurrekoa aurkezpena izan zen, lehenbiziko urratsa gure bidean. Honetarako, askoz gehiago landu dugu kantuak egiteko prozesua.
Jon Agirre: Jauzi bat eman gura izan dugu, maila bat igotzea. Lehen, arratsalde batean egiten genituen kantak; orain, denbora gehiago inbertitu dugu.
Jon Agirrebeitia: Orokorrean, zuzenekoetan dugun jarrera islatu gura izan dugu. Teknikoki gu baino hobeto jotzen duten taldeak egongo dira, baina, jarrera aldetik, gutxik dute gurea.

Zuzenean guztiok batera jotzen grabatu duzue. Zelako esperientzia izan da?
P.B.: Aspalditik buruan bueltaka genuen ideia bat zen hau, eta etorkizunean zer gertatuko den ez dakigunez, orain egitea erabaki dugu.
J.A.: Beti genioen, 'Egunen batean horrela egitea itzela litzateke, Rolling Stonesek egin zuen bezala', eta hauxe izan da momentua.
Anartz Ugarte.: Guretzat lan extra bat izan da, estudiora sartu aurretik asko entseatu behar izan dugulako, baina merezi izan du. Dudarik barik errepikatuko genuke.
J.A.: Estudioaren aukeraketa ez zen kasualitatea izan. Mecca estudioetan, Oiartzunen, jazz eta blues asko grabatzen dute, eta espezialistak dira zuzeneko grabaketetan. Zerbait ezberdina gura genuen, estiloari lotzen zaion betiko soinu horretatik pixka bat irtetea gura genuen, hain zuzen ere.
P.B.: Ziur akatsen bat entzungo dela grabaketan, baina, hurbil egoterakoan, dugun feelinga igartzen da abestietan. Lan oso freskoa da, gordina.

Prozesu luzea, beraz.
J.A.: Sekulako gogoa genuen diskoa kalean egoteko, egindako beharraren emaitza erakusteko. Oso luzea egin zaigu prozesua.
P.B.: Txandaka egiten dugu lan, eta puzzle asko egin behar izan ditugu bostok elkartzeko.
J.A.: Sei hilabetez hau izan da gure bizimodua eta inguruan ere igarri dute hori; muturrera eraman ditugu gure harremanak (barrez).

Zer moduz moldatu zarete aldaketagaz?
A.U.: Nik gitarra jotzen nuen lehen, beste talde batzuetan. Egun batean Jonek [Agirre] deitu zidan, proposamen bat egiteko. Lagun batek baxua utzi zidan, eta hemen nago. Disko berrirako kanten sortze prozesuan sartu nintzen; nire ukitua ematen saitu naiz eta oso gustura geratu naiz.
J.A.: Etorri zen lehenbiziko entsegurako, abesti zaharrak ikasita zituen. Bere konpromiso maila islatzen du horrek.
P.B.: Oztopo bat izan zitekeena aldaketa positibo bat izan da.

Gogotsu zaudete zuzenekoetarako?
J.A.: Sekulako gogoa genuen diskoa kalean edukitzeko. Ia urtebete daramagu kontzerturik eskaini barik, gainera.
J.A.: Hankak eta burua mugiarazten dituen musika da onena. Hurbiltasuna ere bada gakoa. Guztion artean festa bat sortzea gustatzen zaigu, jarrera kontua da hori.
P.B.: Ondo jo ala transmititu aukeratu behar izanez gero, bigarrenaren aldeko hautua egiten dugu.

Rockak ez du harrobirik Durangaldean?
J.A.: Asko aldatu da kontua. Orain dela hamar urte talde asko geunden; orain, ostera, oso gutxi.
P.B.: Azken hamarkadan egon den aldaketa soziokulturalaren eta erraztasun faltaren ondorioa dela uste dut. Homogeneizazio bat egon da, munduko leku askotan musika berdina entzuten da.
J.A.: Antolatzaileek ere ez dute arriskatzen programatzerakoan, ezta leku alternatiboetan ere, eta horrek ere ez du laguntzen.

Rock festa, antzina zuen tronua berreskuratzeko

Zeresana eman du Nevadah taldeak gaurko antolatu duen aurkezpena New Step pubean izateak. Ohikoagoa litzatekeen leku batean egin beharrean, espazio ezberdinak berreskuratzea da gazte hauen asmoa. "Gure sokakoa ez den leku batean egin gura genuen, txipa aldatzeko. Durango hilda dago, eta hori aldatu egin gura dugu" aldarrikatu du boskoteak. Norabide horretan jorratu dituzte diskoko hitzak ere. "We´re Coming to You jarrera kontu bat da, gerra-deklarazio bat. Hemen gaude gu, eta rocka". Rock festa 22:00etan hasiko da, Kalebarriako lokalean. "Bide batez, 70eko hamarkadako pubetako rocka ere aldarrikatu gura genuen", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!