Munduko txirrindularirik onenekin, inoizko ibilbiderik gogorrena izango du aurtengo Emakumeen Birak

Joseba Derteano 2018ko mai. 18a, 14:30

Galako jantzi da 31. Emakumeen Bira. UCIren Women World Tour (WWT) izendapenagaz estreinaldia izanko du eta txapeldunen ligan aritzeak eskatzen duen moduko ibilbidea diseinatu dute antolatzaileek eta babesleek elkarlanean. "Inoizko Emakumeen Birarik gogorrena izango da", azaldu du Agus Ruiz probako antolatzaileetako batek.

Azken urteetako joera apurtuz, Iurretan amaituko da Bira, hasi beharrean. "Euskal Telebistak zuzenean emango du eta Iurretak merezi du horrelako egun bat", Ruizen esanetan. Egun horretako ibilbidea Durangaldetik izango da gehienbat, eta Emakumeen Biraren historian Urkiola mendatea igoko dute lehenengoz, Mañariko aldetik. Urkiola gainetik 50 kilometro faltako dira helmugarako. Legutiotik bueltan, toki beretik jaitsiko dira helmugarako 13 kilometroren faltan. Etapa 15:30ean hasiko da eta, aurreikuspenen arabera, 18:50 inguruan helduko dira helmugara.

Legazpian hasiko da Bira, bihar. Txirrindulariek hankak ondo berotzeko aukera izango dute, hirugarren mailako hiru mendate igota. Bigarren etapan Agurain eta Gasteiz lotuko dituen erlojupeko luzeari (26 km) egingo diote aurre, eta azken-aurreko etapan, Aretxabaletan, bigarren mailako mendate bi igoko dituzte, besteak beste.

Faboritoen zerrenda
Faboritoen artean, lau nabarmentzen dira besteen gainetik. Asleigh Moolman-Pasio (Hegoafrika, 1985) iazko irabazlea ez da espezialista erlojupekoetan, baina orduan galdutako denbora berreskuratzeko aukera asko izango ditu hurrengo egunetan. Anna van der Breggen (Herbehereak, 1990) WWTko kopako gaur egungo liderra eta Annemiek van Vleuten (Herbehereak, 1982) erlojupeko munduko txapeldun beteranoa kontuan hartu beharreko txirrindulariak dira. Elisa Longo Borghini (Italia, 1991) eskalatzaile fina ere onenen borrokan ibili daiteke.

BIRAKO ETAPAK
• Legazpia-Legazpia
Noiz: maiatzak 19
Luzera: 108 km
Mendateak: Aztiria (3) eta Eizaga (3) birritan.
• Agurain-Gasteiz
Noiz: maiatzak 20
Luzera: 26,6 km.
• Aretxabaleta-Aretxabaleta
Noiz: maiatzak 21
Luzera: 114,5 km
Mendateak: Etxaguen (2), Untzilla (3) eta Arlaban (2)
• Iurreta-Iurreta
Noiz: maiatzak 21
Luzera: 120 km
Mendateak: Duña Gane (2) eta Urkiola (1)
Erlazionatuak

Nire lehen WWT-a proba

Ziortza Isasi 2018 mai 18 Elorrio

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!