“Talde nahiko gaztea daukagun arren ondo ibiliko garelakoan nago”, adierazi du iurretarrak. Gainera, taldeak helburu nagusi bat duela azpimarratu du zuzendariak: etxeko lasterketetan —Durango-Durangon eta Emakumeen Biran— lan txukuna egitea.
Hamahiru txirrindularik osatzen duten taldean 23 urteko Anna Stricker italiarra izango da talde burua. “Kalitate handiko txirrindularia da eta berarengan itxaropena dugu”, aitortu du zuzendariak.
Euskal txirrindulariei dagokienez, Lierni Lekuonak eta Ane Iriartek pauso bat ematea espero du Agurtzane Elorriagak. “Urtez urte gora egin duten txirrindulariak dira eta ziur nago aurten pauso bat aurrera egingo dutela”, esan du.
Gainera, azken urteotan ez bezala eskualdeko txirrindulari bat izango da Bizkaia-Durango Euskadi-Muriasen; Aroa Gorostiza elorriarra. “Oso gaztea den arren, txirrindulari ona da eta bere eginbeharrak maila berrira egokitzea eta taldeari laguntzea izango dira”, jarraitu du Elorriagak.
Horrez gain, talde eraberrituak harrobia bultzatzen jarraituko duela aitortu du zuzendariak. “Euskal txirrindulariei tokia egiten jarraitu gura dugu, eta etorkizunean euskal txirrindularirik onenak bilduko dituen taldea izatea da gure asmoa”.
Bestalde, Durangoko Udalari eta Muriasi eskerrak eman dizkio Elorriagarrak. “Beraien babesa ezinbestekoa da”, bukatu du.
Bideoa: Julen Orbegozo