“Hariekin jolas egiten dugu; korapilo sinple batetik abiatuta, diseinu konplexuagoak lantzen ditugu”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 24a, 10:30

Edozein sortzaileren nahia da sortutako horretatik bizitzeko aukera izatea. Hala ere, oraingoz, ofizio baino, afizio dute bitxigintza Leire Aiartzaguenak (Iurreta, 1994) eta Ainhoa Gangoitiak (Abadiño, 1992). Urrian abiatu zuten Amalur Bitxiak proiektua, ilusioz eta energia positiboz gainezka. Kakorratza eta makramea erabilita, belarritakoak, lepokoak, eskumuturrekoak... sortzen dituzte, eta beraien zati bat doa bitxi bakoitzean. Facebook eta Instagram bidez erakutsi eta saltzen dituzte bitxiak.

Nola murgildu zineten bitxigintzan?
Ainhoa Gangoitia: Duela urte bi Latinoamerikan zehar egindako bidaia batean, bitxiak egiteko askotariko teknikak ezagutu nituen; tartean, makramea. Umetatik ikasten dute han, eta asko harritu ninduen horrek. Bada, Abadiñora bueltatzean, bitxiak egiteko modu hori hona ekartzea pentsatu nuen. Asko janzten duten piezak dira, eta inguruko azoketan ez dira asko ikusten. Ideia komentatu nion Leireri, banekin-eta berak ere teknika ezagutzen zuela.
Leire Aiartzaguena: Umetan korapiloekin pultsera piloa egiten nituen. Beti gustatu zait, eta makramearen teknikan murgilduz joan naiz. Neure kabuz ikasi dut. Ainhoak ideia bota eta esan nuen: “Zergatik ez?”

Amalur deitu diozue urrian abiatutako proiektu honi. Zer dago atzean?
A.G.: Amalurragaz kontaktuan, horrekiko errespetuan oinarritutako proiektua da gurea.
L. A.: Hala da. Artisau-lanak dira, gertuko norbaitek zuretzat propio sortutako bitxiak, eta gure inguruarekiko jasangarriak. Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, eskumuturrekoak amaitzean soberan geratzen diren hari puntak berrerabili egiten ditugu, bestelako piezak egiteko. Eskulan zalea naiz eta uste dut eskuekin egindakoak bestelako balioa irabazten duela.

Nolakoa da sorkuntza prozesua?
A.G.: Hariekin jolas egiten dugu, eta korapilo sinple batetik abiatuta, diseinu konplexuagoak lantzen ditugu. Baliteke pentsatutako irudia ez lortzea, baina zerbait polita sortu daiteke, naturak emandakoa erabiliz.
L.A.: Batzuetan diseinu bat dugu gogoan eta horri jarraitzen diogu, baina badira egunak lau hari hartu eta azken emaitza zein izango den jakin barik lanean hasten garenak. Ea zerk irteten duen...

Ez daude oso zabalduta kakorratzagaz eta makrameagaz egindako bitxiak...
A.G.: Ez. Harrituta ikusi dituzte gure lanak. Gutxitan ikusi dituztela diote, lan polita egiten dugula...
L.A.: Halako hippy ukitua dute, eta modu horretako azoketan gehiago ikusten dira. Baina zilarrezko piezak hedatuago daude orokorrean.

Belarritakoak, eskumuturrekoak, lepokoak... denetarik sortzen duzue?
A.G.: Gehienbat, belarritakoak. Horiek dute harrera onena. Baina lepokoak ere egiten ditugu, eskumuturrekoak... Larrua ere sartu izan dugu inoiz, artilea ere bai. Material berriekin esploratzen saiatu gara.
L.A: Sasoiak badu eragina... lepokoak uda sasoikoak dira gehiago.

Harriak ere erabiltzen dituzue.
A.G.: Bai, eta beraien baliabideak, energia, jatorria... hartzen ditugu kontuan. Azkenaldian, koralak erabili ditugu asko. Itsasoko mineralak. Turkesak ere harrera oso ona du. Koralak ditut gogokoen.
L.A.: Nik, turkesa. Bakoitzak barrutik datorkiona sortzen du; diseinuan, koloreetan, erabilitako harrietan... igartzen da hori.

Latinoamerikan nolako esperientzia bizi izan zenuen, Ainhoa?
A.G.: Itzela! Neure burua ezagutu nuen, barruko harresi eta traba guztiak gaindituz. Jende oso maitekorra ezagutu nuen, beti gogoratuko dudana. Boliviatik Usuaiaraino joan nintzen, eta Patagoniatik Txilera. Gero, Boliviara bueltatu eta Erdialdeko Amerika zeharkatu nuen, Mexikora heldu arte. Jarraituko dut bidaiatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!