“Itzela izan da gure DNA daraman proiektu bat zerotik sortzea”

Jone Guenetxea 2018ko mar. 22a, 20:30

Durangaldeko Amankomunazgoaren aholkularitza eta prestakuntzari esker 60 enpresa berri sortu ziren Durangaldean 2017an. Ainhoa Abarrategik eta Neil Barnesek (Milu´s House) beraien esperientzia kontatu diote ANBOTOri.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Umeei zuzendutako espazio multifuntzionala da. Ingelesez jolasten gara, English play saioekin. Horrela, jolastuz ikasten dute umeek ingelesa, eta modu aktiboan. 3 urte arteko umeentzako espazio bat ere badugu goizetan; baita asteburuetako tailerrak ere.

Zein izan da lorpenik handiena?
Itzela izan da gure DNA daraman proiektu bat zerotik sortzea, gure ideietan oinarrituta. Lehen urte honetan ahalegin eta lan handia suposatu digu. Baina umeak gozatzen eta gurasoak pozik ikustea gozamena izan da guretzat.

Zer izan da zailena?
Negozio arlo guztiak uztartzea izan da zailena. Enpresa bat sortzea ez da ordu batzuetan zerbitzu bat eskaintzea bakarrik. Bezeroak ikusten ez duen lan guztia egitea ere bada, eta honek uste baino denbora gehiago eskatzen du.

Zerbaiten falta sumatu duzue?
Enpresa bat martxan jartzerakoan proiektua zenbat eta landuagoa izan, hanka sartzeko aukerak murriztu egiten dira. Bide onetik zoazela esango dizun baten baten falta sumatzen duzu. Hasieran izugarria da, eta Behargintzak eta halako erakundeek asko laguntzen dute.

Zertan lagundu dizue gehien Behargintzak?
Orientazio zerbitzua eskaintzen dizute, ia arlo guztietan. Enpresa Planean eta bideragarritasun azterketan segurtasun handia eman ziguten. Diru-laguntzen inguruan ere asko lagundu ziguten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!