Zertan diharduzu sortu berri duzun Nerekopi enpresan?
Argazki estudioa, arropan estanpazio pertsonalizatua eta kopistegia batzen dituen enpresa da. Durangoko Kalebarria kalean dago.
Noiztik zabiltza bertan lanean?
2017ko ekainaren 5ean jarri nuen negozioa martxan.
Hasierako fase honetan, zailtasunik topatu duzu bidean?
Zailtasunik handiena alde ekonomikoa izaten da beti. Oraindik ere horixe da zailena.
Hazkunderako aukerarik egon daiteke?
Hiru alor batzen dituen enpresa izanda, garapenerako potentzial handia du. Ekintzaile batek beti du proiekturen bat buruan. Zailena horiek martxan jartzea izaten da.
Ekintzaile batek enpresa berri bat martxan jartzen duenean, zeren falta sumatzen du?
Laguntza gehiago, batez ere Gizarte Segurantzari dagokionez. Udalari ordaindu beharreko tasak, PFEZ eta abar. Arrisku ekonomiko oso handia hartzen dugu gure gain. Nire kasuan bai behintzat.
Behargintzaren aholkularitzak bide horretan lagundu dizu?
Tresna oso erabilgarria dela nabarmenduko nuke. Zer egin gura duzun, nondik nora jo dezakezun eta lortu gura duzuna argiago ikusten laguntzen dizute. Behargintzara deitu dezakezula eta sortzen zaizkizun zalantzez galdetu dezakezula jakiteak lasaitasuna ematen dizu, behin negozioa martxan dagoenean. Badakizu ahal duten guztian lagunduko dizutela.