1.500 sinaduratik gora lortuta, 24 orduko pediatriaren eskaria indarra hartzen doa

Markel Onaindia 2018ko mar. 21a, 12:46

Atzo hasi zuen sinadura bilketa Interneteko change.org atarian guraso talde batek. Ordu gutxiren buruan, 1.500etik gora lortu dituzte, kezka dagoen seinale. Uneoro hazten dabil kopurua. 

Atzo udalak ez zuen babestu Herriaren Eskubidearen mozioa, EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak ordezko bat aurkeztu zuelako. Eusko Jaurlaritzako Osasun saila pediatria sarea aztertzen dabilela iragarri zuten, eta lan horretan jarraitzea eskatu zieten, Durangaldean ere zerbitzua eman ahal izateko. Pilar Riosen (PSE-EE) arabera, pediatren elkartea ere badago batzorde horretan. "Sakonean, mozioak dioena konpartitzen dugu, baina arazo hori ez da Durangon soilik ematen". Goiztidi Diazek (EAJ) azaldu zuen pediatren kopuruagaz arazoa dagoela orokorrean. 

Mozioaren helburua, udalaren izenean gurasoen nahia Osakidetzari helaraztea zen. Julian Riosek dio (Herriaren Eskubidea) zerbitzua egun osoan egon beharko litzatekela, Gurutzeta edo Basurtora arte joan beharra eduki barik. "40 kilometro dira, kasu askotan oso luzeak egiten direnak. Denbora hori umeen arretarako oso garrantzitsua izan ahal dela uste dugu". Zerbitzuak eskualdeko 12.000 umeentzako balioko lukeela azpimarratu zuen. Eider Uribek (EH Bildu) adierazi zuen mediku batzuegaz egon direla berbetan, eta hori entzunda, ez dutela argi 24 ordukoa izan behar den, edo zerbitzua beste moduren baten kubritu behar den. Hala ere, mozioari baiezkoa eman zion alderdiak.

PPko Fran Garatek mozio bien aldeko botoa eman zuen, eta alkatearen kalitateko botoak hautsi zuen berdinketa. 

Erlazionatuak

24 orduko pediatriaren bila

Markel Onaindia 2018 mar 19 Durangaldea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!