Martxoak 8

“Grebak emakumeok normalean egiten ditugun lan ikusezin horien kargaz ohartzeko balio dezala gura dugu ”

Markel Onaindia 2018ko mar. 2a, 09:00

Argazkia: Lehior Elorriaga

Martxoaren 8a greba eguna izango da lehenengoz Euskal Herrian, feministek eta sindikatuek mundu osoan egindako deialdiagaz bat egin dute eta. Besoko moreak jantzita, emakumeen aldarrikapenak kalerik kale zabalduko dituzte, lanuzteen eta mobilizazioen bidez.

Greba antolatzeko, batzarrak egin dituzte herrietan, eta partaideetako batzuk dira Mireia Delgado Exposito (Durango, 1984), Itsaso Basauri Larrañaga (Elorrio, 1988) Leire Vargas Nieto (Durango, 2002), Ane Arbeo Sarriugarte (Durango, 1993) eta Ainhoa Aurtenetxe Alvarez (Zornotza, 1997).

Nondik dator greba hau egiteko ideia? Zein da abiapuntua?
Ainhoa: Iaz izan zen nazioarteko lehen greba globala, nahiz eta lehenago ere beste herrialde batzuetan geldialdiak egon izan diren. Esango nuke, Argentinan egondako feminizidioen ondoriozko geldialdiak eta mobilizazioak izan zirela honen pizgarri. Horren ostean, Emakumeen Grebarako Nazioarteko Plataforma sortu zen.

Zergatik uste duzue greba egiteko beharrizana dagoela?
Mireia: Hainbat gauza daudelako erreibindikatzeko. Begira zelako egoeran gauden indarkeriagaz: formatu berrietan ere badator eta, batzuetan, era disimulatuan. Bestalde, eredu neoliberalak ez du batere laguntzen emakumeon bizi-baldintzetan. Feminista berba edo propaganda asko entzuten den arren, oraindik asko dago salatzeko. Planto egitea sinbolo bat da.
Ainhoa: Lan erreproduktiboak, soldatarik ez duten horiek, ikustaraztea garrantzitsua dela uste dugu. Denonak behar luketen horiek emakumeok dauzkagu gure gain. Gainera, beste esparru batzuetan garatzeko mugatzen gaitu egoera horrek.
Itsaso: Eta greba oso formula bisuala da ezkutuko lan hori, bizi dugun eredu hori, desmuntatzeko.

Diskriminazio hori gehiago lotzen da aurreko belaunaldiekin. Zuek ere igartzen duzue?
Ane: Akaso gazteok oraindik ez ditugu zaintza lan konkretu batzuk egiten, baina lan arloan horretara bideratzen gaituzte. Bestalde, lagun kuadrilletan, militantzian eta taldeetan, orokorrean, besteak zaintzeko ardura hartzen dugu. Ama izateko presioa ere sartzen digute gaztetatik.
Itsaso: Nire ustez, gaur egungo belaunaldietan badator aldaketa lan banaketan, baina ez ardura banaketan. Oso desberdina da lan bat egitea eta hori egiteko ardura hartzea. Salto handia dago, errotik datorrelako.
Mireia: Iragarkietan proposatzen den eredua, adibidez, beti da dikotomia batez, irudi modernoagoa eman arren. Heteroaraua dago oinarrian rol horiek banatzerako orduan. Zer da familia bat eta zer ez?

Greba eredu berri bat dakarzue martxoaren 8rako, ezta?
Itsaso: Ez da betiko greba bat izango, lau dimentsio izango dituelako. Bata lanpostuetako greba da, soldaten arrakala eta lan banaketa salatzeko. Zaintza lanen esparruan ere egingo da, ardura horiek emakumeongan bizkarreratzen direlako, eta enplegu horretan dihardutenen baldintzak ere salatu gura ditugu. Kontsumo grebagaz, emakumea salmentarako objektu bilakatu dela ikustarazi gura dugu. Laugarrena ikasketen esparrua da, binomismoaren barruan hezten gaituztelako eta edukietan emakumeon presentzia falta delako. Horiek eta beste hainbat arrazoi daude.

Zergatik kontsumoari ere planto? Zer suposatuko du?
Mireia: Praka batzuk erosten dituzunean, emakume batek Indian 80 zentimogatik egindakoak erosi ahal dituzu, eta gainera, horregaz aberastuko dena gizon bat izango da. Janariagaz ere gauza bera gertatu ahal da: nondik dator? Nor zapaltzen da? Horregatik, ezer ez kontsumitzeko proposamena egingo dugu Durangon. Gainera, manifestazioak irauten duen bitartean mugikorra amatatzea eskatuko dugu.

Zelako esperientzia izaten ari da grebaren antolaketa?
Leire: Niretzat, pertsonalki, begiak zabaltzeko aukera bat izan da emakume hain desberdinak elkartu ahal izatea. Gauza asko ikasi ditut, eta ahizpatasun sentimendua indartzeko baliagarria izan da.
Ainhoa: Atzo bigarren batzarra egin genuen, Zornotzan. Etorri zirenetako andre bi gugaz pankartak egiten egon ziren, eta harrigarria egin zitzaidan. Deigarria da horrelako gauza batera jendea zelan animatzen den ikustea. Herrian, behintzat, harrera ona eduki dugu.
Itsaso: Gure kasuan ere, antzera; aniztasuna aberasgarria da. Bestalde, hainbeste ñabardura daude, kosta egin zaigula aurrera egitea. Greba ulertzea bera izan da guretzat lehen pausoa.
Mireia: Oso pedagogikoa izaten ari dela uste dut. Greben inguruan ere gauzak birpentsatzeko aukera ematen ari zaigu.

Zer ekintza prestatu dituzue greba egunerako?
Ane: Durangon, gauerdian hasiko gara herria grebarako atontzen eta girotzen. Horma-irudi bat egingo dugu, adibidez. 09:30ean Andra Marian elkartu, bakoitzak etxetik eramandakoagaz gosaldu, eta informazioa banatzen hasiko gara. 11:30ean, lehen lanuzteagaz, Barandiarango nagusien etxetik jubilatuen egoitzara joango den giza kate bat egingo dugu. 13:00etan enplegu munduko zapalkuntzen inguruko mahai-ingurua egongo da. Gero, etxeko jatekoagaz bazkalduko dugu. 18:00etan bigarren lanuzteagaz batera, performance edo antzerki bat egingo dugu, eta 19:00etan, manifestazioa. Merkatariei ordubete horretan dendak zarratzeko eskatzen gabiltza, eta euren jarrera ona eskertu gura dugu.
Ainhoa: Zornotzan elkarretaratze bat egingo dugu goizean, Urgozon. Arratsaldean, 18:00etan, propaganda zabalduko dugu, eta 18:30ean zumba tailerra hasiko da. 19:30ean askarian batu, eta 20:00etan berriro elkarretaratze bategaz amaituko dugu eguna, Urgozon.
Itsaso: Elorrion, 11:00etatik 12:0etara informazio puntua jarriko dugu plazan. 12:00etan kazerolada hasiko da, eta 14:00etan, bazkari autogestionatua. 18:00etatik 19:00etara lasaigune bat egongo da guztiok lasai berba egin edota jolasteko, adibidez. 19:00etan mobilizazio zabal bat egingo da, eta ostean, kazerolada.
Ane: Badakigu egun osoan planto egitea gaitza izan ahal dela askorentzat, eta, horregatik, denentzat eskuragarria izan dadila gura dugu. Ezin baduzu zaintza greba egun osoan egin, une batean egin eta keinu bat izan dadila, adibidez. Bakoitzak ahal duenetik, denok parte hartzea gura dugu. Besoko moreak ere banatuko ditugu, eta horiek eramatea ere atxikimendua erakusteko modu bat izan ahal da.

Gizonei zerbait eskatuko diezue egun horretarako?
Mireia: Laguntzeko aholku gida bat osatu dugu grebara begira. Adibidez, zaintza lanez arduratzea eskatuko diegu, ondoan duenak greba egin ahal izan dezan.
Itsaso: Greba defendatzeko modurik onena izango da egitura horiei eustea, emakumeok greba egin ahal izan dezagun.
Ane: Bai. Emakumeok normalean egiten ditugun lan ikusezin horien kargaz ohartzeko balio dezala, eurek ere ardurak hartzen hasteko.
Ainhoa: Eta, batez ere, trabarik ez jartzea eskatzen diegu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!