Gammar proiektua: Durangaldeko emakumeak Saharakoekin elkarlana sustatzen

Markel Onaindia 2018ko ots. 23a, 12:00

Emakume batek bere jabekuntza prozesuan trabak gainditu behar baditu, imajinatu traba horiek zelan biderkatzen diren errefuxiatuen kanpamentu batean bizitzerakoan. Tindufeko (Aljeria) emakume sahararren kasua da hori, Marokoren okupazioaren ondorioz errefuxiatuen bizimodu zail horretara behartuta daudenak.

Ahalduntzean laguntzeko asmoz, hango emakumeekin elkarlana sustatzeko proiektu bat sortu dute Rio de Oro elkarteko zazpi neskak, Gammar izenpean –ilargia esan gura du–. Euretako bik kanpamentuetarako bidaia egin dute, eta tailerrak eskaini dituzte.

Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren aldeko euskal sarearen bidez Bojadourreko Emakumeen Etxean eta Emaginen Eskolan egon dira tailerrak ematen. “Emakumeen artean berba egiteko espazioak sortzea izan da helburu nagusia”, esan dute. Anatomiaz, hilerokoaren zikloaz eta odola batzeko alternatibez berba egin dute, adibidez. Emakumeen Etxeetako osasun eragileak izan dira euregaz egon direnak eta, beraz, horiek beste emakume batzuei helaraziko diete ikasitakoa. “Handik ezin dira irten, eta egoera horretan asko eskertzen dute horrelako ikastaroak jasotzea. Elkarlanean gaudela sentitzea behar dute”, esan dute Rio de Orokoek. Emaginak dira bidaian joandako biak, baina osasun aditu ez direnak ere badaude taldean.

Jakin-mina dute
Egindako tailerretan, gorputza ezagutzea izan da lanerako lerro nagusia. “Erditzeari buruz galdera pilo bat egin dizkigute; horri buruz jakitea ere boteretzea da. Himena, klitorisa, dilatazioa, menopausia... Horietaz guztietaz jakiteko gogo handia dute”, adierazi dute.

Sahararrek ezinbestekoa dute atzerriko laguntza. Elikagaiak eta material ugari jasotzen dituzte kanpoko elkarte eta pertsona solidarioen eskutik. Higiene baldintzak ere ez dira onenak, eta, hain zuzen, konpresak dira hara bidaltzen diren produktuetako batzuk. Egoera horretarako alternatiba bat eskaini guran, hilerokoaren kopak eraman dituzte Rio de Oroko kideek, hango emakumeek ezagutu eta probatu ditzaten. DRTk egindako jardunaldi solidario bategaz finantzatu dituzte kopa horiek. Aipagarria da ere, martxoaren 8aren harira Durangon egingo den Lilakroseko dirua ere Gammar proiekturako izago dela.

Aurrerantzean, Saharako beste zonalde batzuetako emakumeekin elkarlanean jarraitzea da euren asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!