22 tona elikagai bidaliko dira Durangaldetik Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara

Markel Onaindia 2018ko ots. 22a, 18:32

"Espero baino bilketa handiagoa" izan da aurten Sahararen aldeko karabana solidariorako lortu dutena, koordinazioaz arduratu den Rio de Oro elkarteko Mikel del Arcok adierazi duenez, eta "oso pozik" daude emaitzagaz. Euregaz batera, Hamadako Izarrak eta Elorrioko Lajwad elkarteek ere bultzatu dute egitasmoa. Gainera, eskualdeko udal gehienen, ikastetxeen, Abadiñoko Eroskiren, Furesaren eta zenbait elkarteren laguntza ere eduki dute. Kamioia zapatuan irtengo da Aljeriako saharar errefuxiatuen kanpamentuetarantz, euskal karabanagaz.

Kanpaina amaituta, Durangaldeko herritarrek 8 tona elikagai eman dituzte, 1.000 konpresa pakete, eta 500 kilo arropa ere bai. Kanpainan batutakoaz aparte, 15 tona elikagai erosi dituzte antolatzaileek, eta baita 1.300 konpresa pakete ere. Gaur egin dute balorazioa emateko prentsaurreko bateratua, Durangon.

Kamioia bete gura izan dute, baita beste elkarte batzuen materialagaz ere. Esaterako, Hamadako Izarrak taldeak baldosak sartu ditu, emakumeek lan egiteko pizzeria eraikitzeko proiekturako. 50 eguzki plaka, Durangoko Udalak dohaintzan emandako 15 bizikleta, eta ospitale baterako 50 kilo higiene-produktu ere garraiatuko dituzte kamioian. 

"Proiektu konplikatua" dela ikusi dute aurten estreinatu diren Rio de Orokoek, eta, horregatik, gehiago baloratu dute iaz arte Herria elkarteak egindako lana. Aurten ere logistika arloan lagundu diete. 

Sahararrek bizi duten egoeraren atzean arrazoi politikoak daudela gogoratu du Del Arcok, eta horren aurrean indarrak batzeko deia egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!