Durangaldea oso presente egongo da Espainiako kros txapelketan

Joseba Derteano 2018ko ots. 14a, 08:30
Durango Kirol Taldeko nagusiak kros laburreko zein luzeko Espainiako txapelketara sailkatu dira. (Argazkia: Felix Sanchez)

Euskadiko klubek hainbat kategoriatan Espainiako txapelketara sailkatu dituzten 29 taldeetatik bederatzi, ia herena, eskualdekok dira.

Joan zen domekan Amurrion lehiatutako Euskadiko kros txapelketak ondorio garbi bat utzi zuen: Durangaldea erreferentea da krosean Bidezabal, Durango Kirol Taldea eta Durangaldea Running taldeei esker. Hiruen artean bederatzi kategoritan edo modalitatetan talderen bat sailkatu dute Espainiako txapelketara.

Bidezabalek lau talde izango ditu, Euskadin beste inork baino gehiago, eta denak emakumezkoak dira: kadete, gazte eta juniorren taldeak, eta, kros laburrekoa. Gainera, gazteetan eta juniorretan Euskadiko txapeldun geratu dira. Durangaldea Running-ek gizonetan talde bi —kadeteetan eta juniorretan— eta emakumeetan beste bat —juniorretan— sailkatu ditu. DKT-k, aldiz, gizonen seniorretan du talderik indartsuena eta Espainiako kros laburreko zein luzeko txapelketetan ariko dira otsailaren 25ean, Xixonen.

Cabada eta Arbeo Euskadiko txapeldun

Durangaldea Running taldeak Euskadiko txapelketa indibidual bi ere lortu zituen Ion Cabada kadetearen eta June Arbeo juniorraren eskutik. Kadeteetan azpimarratzekoa da Cabadaren lana Jonan Bilbao eta Aimar Azua taldekideek borobildu zutela, bigarren eta hirugarren postuetan sailkatuz. Maila horretan Euskadiko taldekako txapelketa irabazi dute. Aurten behin baino gehiagotan lortu duten marka da.

Durangaldea Running-eko kadeteak Amurrioko podiumean:


June Arbeo —erdian— Euskadiko txapeldun geratu zen:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!