Txotxeri esker onez

Anboto 2018ko ots. 9a, 10:01

Durangaldeko hainbat lagunek Jose Martin Urrutia Txotxe gogoan izan dute.

Unai Iturriaga Zugaza-Artza (Ikasle ohia)

Liliput. Bernardo Atxagak idatzitako antzezlana izan zen gurea, Txotxek ikastolan egin zuen bigarrena, 1987an oker ez banabil.Kurutziagako webgunean begiratu dut eta bitxia da, ze, geroztik egindako antzezlan guztiak Bertan Sortuak direla dio, ez dator autorearen izenik. Jakin badakigu nor zen egilea. Txotxeren kartel bat kalean ikusi eta kilometrora ere haren eskua ezagun zen lez. Eskuzko tipografia hori, trazua, akuarela horiek Photoshoparen garaian… Karrika. Kalea. Herria. Horra bere obraren plaza eta helburua. Handiaren garaian, Liliput. Ez adiorik.

 

Eneko Sagardoy Mujika (Karrika)

Emakume beltz bat, bizikletan, errekatik datorren sua, zigarro kea, kilonbo bat. Azal zimurra, beltzarana, koleta eta ardoa. Begi handi bi, barrura begira jarriz aurrekoa. Akuarela eta arkatza. Beti ezin daitekeela ondo egon. Borroka, bronka, deserosoa. Eta izarrak marraztu dizkiguzu sabelean, oinetan.Izarrak eman dizkiguzu, nahigabe baina nahita. Bizi bat. Bizi bat. Norbera bere sentiarazi duzu, inor zu bihurtzeko asmorik gabe. Eta maite zaitugu, Janis Joplin, Tom Waits, Lauaxeta, Shakespeare, eta denak batera edo inor ez. Nor izan zaren azaltzea zaila da. Dena eman zenuen eta dena utzi diguzu. Topatuko gara argia itzaltzen den bakoitzean. Ondoan. Izar bat bihotzean, denona.

 

Gotzone Duñabeitia Kintana eta Maite Olea Garai (Lankideak)

Aniztasunaren koloreak elkartu gintuen ikastolan. Irakaskuntza munduan utzitako aztarnak ere anitzak izan dira. Bere eguneroko lana hezkuntza premia bereziko ikasleekin eta antzerki mundua beste guztiekin.Orientazio departamentuan urteetan aritu izan gara elkarrekin lanean eta, dudarik gabe, bere lema ondo geratu da gure artean. “Lehenengo, pertsona, eta ondoren, ikaslea; lehenengo, gaztea, eta ondoren, ikasketak”. Nahiz eta sarritan gai sakonak izan esku artean, maisua zen egoerak umore puntu batez heltzen. Askotan gertatzen den moduan, gure artean ere eztabaidak sortzen ziren, baina berarekin erraz lortzen zen egoerari buelta eman eta ekinean jarraitzea. Bere izaera askea ondo baino hobeto definitzen dute hain gogoko zuen Benedettiren hitzek:

“ … Ateak zabaldu,
Zerrailak kendu,
babesten zaituzten
harresiak
alde batera utzi,
Bizitza bizi eta erronkak
onartu, …”

Bizitzan eta lanean zurekin gozatutakoa guregan geratuko da betiko.

 

  Elena Fernandez Gorosabel (Lankidea)

Txotxek munduarenganako begirada bikoitza zuen. Bere obretan ume baten begirada ikus daiteke. Antzerki lan bat amesten zuenean, bere imajinazioak fantasiaren mundura hegaz egiten zuen.Beste alde batetik, pertsona heldu baten bihotzetik begiratzen zuenean, oso konprometitua zen. Injustiziei, gatazkei, desordenei, desorekei... aurrez aurre begiratzen zien. Gai hauek obretara ekartzen zituen umore handiz. Horregatik, bere obrak umeekin landu arren, beti oinarri sakon eta kritikoa zuten. Horregatik zen magikoa. Eskerrik asko Txotxe!

 

Idoia Sopelana Petralanda (Lankidea)

Kolaboratzen hasi nintzenean harritu ninduen nire ideiak aintzakotzat hartzen zituela, eta animatu egiten ninduela. Antzerki tailerraren ardura hartu nuenean, akorduan dut oso ondo elkar ulertu genuela. Attrezzoan “akaberen erregina” nintzela esaten zidan. Gaitzizenak jartzen artista zen. Bere mundua antzerkia zen, bai ikastolan eta baita Karrikan ere. Lan bat amaitu orduko, beste bat zuen buruan. Sortzailea zen, bai gidoietan eta baita eszenografian ere. Attrezzoan nik jarduten nuenez, pieza berezi bat edo bi beti bereak ziren.

 

Txelu Angoitia Gutierrez (Argazkilaria)

Bizimodu bizia izan genuen 80ko hamarkadan. Donostia errebeldea zen eta hilezkorrak ginela uste genuen. Gero, urteak euria bezala erori ziren. Karrikan egin genuen bat berriro, eta denborari ihes egin geniola zirudien.Hizkuntza bera hitz egiten jarraitzen genuen. Zurekin gauzak errazak ziren. Joan egin zara, eta Corto Maltesekin batera irudikatzen zaitut, Hegoaldeko Itsasoetara bidean nabigatzen.Gogoratzen ez ditugunean baino ez ei dira hiltzen pertsonak.Baliteke hala izatea, baina horrek ez du nire bihotzeko samina arintzen. Agur, Txotxe.

 

Jone Guenetxea Arrinda (Ikasle ohia)

Negu Gorriak taldearen Radio Rahim abestiaren lehen akordeak entzuten dira. Amets baten bila antzezlana martxan da. Paulek aulkiaren gainetik salto egin du. Funtzioa hastera doa.Atzo izango balitz bezala tatuaturik gelditu da gure oroimenean institutuko aretoan egindako estreinaldia. Sormenaren lurraldera eraman gintuzun. Amesten, ilusionatzen, errespetatzen, antzezten irakatsi zenigun. Nerabe talde baten gaitasunetan sinetsi zenuen, guk geuk ere sinesten ez genuen sasoian. Horregatik, gure bihotzetan izango zara, beti.

 

Eunate Zarrabeitia Salterain (Musikaria)

Txotxek esana da istorio bakoitza bidaia bat dela. Hasten garela eta ez dakigula non bukatuko den. Bukaeran konturatzen garela zer den egin duguna.

DOIA… esaten zidan, Juantxo Lapramendiko Kilkerraren bidaian, bukaera argi ikusten ez nuen bakoitzean.

Azken txanpan, Deshakesperazioaren bidaialagun izateko aukera oparitu digu, ohore bat; eta BADOA…

Baina, datozen istorioetan, bere magia gure eszenatokian, gure musikan, gure bihotzetan izango da betirako.

Eskerrik asko, Txotxe!

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!