Milaka gazte antzerkiagaz ilusionatu zituen ‘titiriteroa’

A.M./J.G. 2018ko ots. 9a, 09:47

Argazkia: Txelu Angoitia

Irakaskuntzan kultur proiektu ilusionagarri bat sortzea ez da erraza. Bada, horixe lortu zuen Jose Martin Urrutia Txotxek Kurutziaga ikastolan. 13-14 urteko nerabeak egitasmo baten parte hartu gura izatea, inplikatzea, sortzea, adieraztea. Durangon antzerkigintzan erreferente den artista domekan hil zen, 56 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

80ko hamarkadaren hasieran Elgoibartik Durangora etorri zen ‘titiriteroa’ zen Txotxe.  Taupada eta Ekekei taldeetan aritutako antzezle eta sortzailea zen. Baina proiektu hori antzerkigintzatik harago joan zen. Euskara landu eta bultzatzeko tailer moduan hasi zena, gai transbertsal bihurtu zuten. Musika, dantza eta plastika ere uztartu zituzten. Elena Fernandez andereñoa jubilatuta dagoen arren, urte asko eman zituen Txotxegaz elkarlanean, bai ikastolan eta baita Karrika taldean ere. Fernandezek hunkituta gogoratu ditu elgoibartarragaz antzerkigintzan eman zituen lehen pausoak. “1986an Pili Elorriaga zuzendari zela, opari izugarria egin zidan. Ni tutore moduan nengoen, eta plastika eta antzerkia irakasten hasi nintzen. Niretzat gauza berria izan zen”, dio andereñoak. Pixkanaka Txotxeren unibertso magikoa ezagutzen hasi zen.
Antzerkiko zuzendaria izateaz gain, hezkuntza bereziko irakaslea zen Txotxe. Arlo horretan ikasle bakoitzagaz izan zuen inplikazioa nabarmentzen dute bere lankideek. “Pertsona moduan, kausa galduen defendatzailea zen. Marjinatuen eta arazoak zituzten umeen defendatzailea zen. Beti laguntzeko eta lan egiteko prest. Beti beraien aldeko apustuak egiten zituen. Gaur egun antzerki proiektuak funtzio hori du oraindik”. Izan ere, Fernandezen iritziz, “antzerkia erabiltzen zuen gelan sentitzen zituen desorekak orekatzeko. Baztertuta zegoenari pertsonaia bereziak sortzen zizkion, edo protagonista izateko aukera ematen zion”.  Antzerki proiektua deskubrimendurako eta hazkunde pertsonalerako aitzakia zen. “Antzerkiaren bidez, ikasle bakoitzak barruan zituen gauza ezkutuak ateratzen hasten zen, harra tximeleta bihurtzen denean bezala”, dio Fernandezek.

Denen gogoan
Sumatzen da Txotxeren falta ikastolan. Elgoibartarra agurtzeko, ikasle, lankide, guraso zein ikasle ohiek mezuak idazteko murala jarri dute. ANBOTOk ere bere kolaboratzaile estimatuaren hutsunea igarriko du.  

Baina, Kurutziagan ez ezik, Durangon ere nabarmen eragin zuen Urrutiak. 1998ko irailean lagun talde bat noraezean zebilen institutuan, antzerki taldea egin guran. Euskararen normalizaziorako proiektu bat zen, arduraduna behar zuen, eta han agertu zen Txotxe. Eta horrela jaio zen Karrika antzerki taldea. ‘Titiriteroa’ izatearen zentzua karrikakideen DNAn txertatu zuen hasiera-hasieratik. Horrela, lehenbiziko obra, institutuko areto nagusian egin beharreko erreforma izan zela akorduan dute taldekideek. “Aretoko erreforma guztia egin genuen; manta buruan ezarri, eta lanera” gogoratu dute, emozionaturik. Bi hamarkada geroago, antzerki taldea erreferentea da Euskal Herriko antzerkigintza amateurra, eta egun San Agustin kulturguneko talde egoiliarra da. “Txotxeren lorpena da hori, bere talentuari eta lanari esker”. Karrikatik 200 kide baino gehiago igaro dira urteotan.

Talde honetako kide da Eneko Sagardoy aktorea. Joan zen domekan, Goya jasotzerakoan, aktore durangarrak bere sustraiak presente izan zituen. Besteak beste, Karrikari eta Txotxeri eskaini zien saria.  “Antzerkia eta furgonetak kargatzen irakatsi zidaten, eta horregatik nago ni hemen”, gogoratu zuen.

“Norberaren potentzialtasuna aurkitzen maisua zen” diote Karrikakoek. Norbanako bakoitza zainduz, obra bere osotasunean lantzea zuen gustuko Txotxek, eta kolektiboari ematen zion garrantzia ere azpimarratu dute taldekideek. “Prostibuloan, adibidez, bakoitzak bere pertsonaia landu behar izan zuen”.
Bi hamarkadako ibilbidea erronkaz erronka egin ditu Karrikak. Desafio horien baitan, antzezlanetan pil-pilean dauden gaiak lantzea egon da, adibidez. “Gaiak transbersalki lantzen maisua zen”, diote.

Marraztu ere egiten zuen Txotxek. “Kontatu zigun, Ameriketara eginiko bidaietan, behin baino gehiagotan lo-lekua eta jatekoa marrazkien truke lortu zuela”. Egunerokotasunaren zurrunbilotik kanpo, oporraldiak antzezlanetako testuak borobiltzeko ere baliatzen zituen. Belarri ona zuen gainera Txotxek, eta musika-aukeraketa zorrotza egiten zuen antzezlanetarako. “Negoziaziorako tartea uzten zuen, baina argi zuen zer zegokion obrari; ziur gaude idazten zuen bitartean, pasarte horri zegokion musika entzuten zuela”. Beste gauza askoren artean, antzerkirako afizioa sartu zuen Txotxek Kurutziagan, Karrikan eta Durangon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!