Durango-Gasteiz autobus linea

Gasteizerako linean zerbitzu gehiago ipiniko dituzte, eta autobus berriak ere bai

Markel Onaindia 2018ko ots. 6a, 10:45

2014an eskualdeko udalek eta herritarrek egindako alegazio gehienak onartu ditu Arabako Foru Aldundiak -bera da zerbitzuaren eskumena duena-. Astegunetan hiru autobus gehiago irtengo dira noranzko bakoitzean, eta asteburuetan bi gehiago. Zerbitzuak hobekuntza nabariak izango dituelako, pozik agertu dira Durangoko gobernu taldea (EAJ eta PSE) eta EH Bilduko eskualdeko ordezkariak ere bai (Izurtza, Mañaria eta Otxandioko alkateak eta Durangoko zinegotziak).

Ikasleen eta beharginen beharrizanak, besteak beste, kontuan hartu dituzte alegazioetan. Astegunetan beste autobus bana eskainiko dute goizez, eguerdiz zein arratsaldez, eta asteburuetan bana goizez eta arratsaldez. Durangotik ordu hauetan irtengo dira autobusak: astelehenetik barikura 06:30, 07:10, 07:45, 09:20, 12:45, 13:45, 15:10, 17:15, 18:15 eta 20:50; zapatu eta domeketan 08:40, 11:50, 14:10, 16:35, 19:40 eta 22:00. Gasteiztik bueltatzeko, honako ordutegia egongo da: astelehenetik barikura 06:45, 08:10, 09:00, 12:15, 13:55, 14:25, 15:25, 16:25, 19:30 eta 22:00; zapatu eta domeketan 07:30, 10:00, 13:00, 15:20, 17:50 eta 20:50.

Bestalde, autobus flota berritzea izango da lizitazio berriaren baldintzetako bat; 2018ko lehen hiruhilekoan aterako da lehiara. Behar bereziak dituztenentzat egokituta ere joan beharko dira ibilgailuak.

Aldundiari begira
Durangoko gobernuak Arabako aldundiagaz edukitako elkarlana eskertu du. EH Bilduko agintariek, ostera, alegazioak erantzuteko "denbora gehiegi" eman duela uste dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!