Handia

“Oso erraza egin zitzaidan Eneko ikaslearen eta Eneko aktorearen arteko pareta hori botatzea”

Aritz Maldonado 2018ko ots. 2a, 11:30

Handiako grabazioaren aurretik ere elkar ezagutzen dute Aitor Arregik (Oñati, 1977) eta Eneko Sagardoyk (Durango, 1994). Izan ere, zuzendari-aktore harremana izan aurretik, irakasle-ikasle harremana zuten. Aktore durangarragaz batera, Arregik ere Goyarako izendapena jaso du Jon Garañogaz batera Handian egin duen zuzendari lanagatik.

Hamahiru hautagaitza dituzue. Presio handia duzue?
Egia esan, lasai gaude. Ez dugu presiorik. Guretzat, hamahiru izendapenegaz hor egotea espero ez genuen garaipen bat da; beraz, zentzu horretan, lasai gaude. Orain lasai gaude, baina, beharbada, gaurtik aurrera zerbait gehiago igarriko dugu, eta urduriago jarriko gara. Azken finean, hainbat Goya sari dira jokoan daudenak. Batzuetan indartsu gaude, beste batzuetan ez hainbeste, baina gogotsu gaude zer gertatzen den jakiteko.

Kritikaren zein publikoaren aldetik, kritika oso onak eduki ditu. Pozik pelikulak egindako ibilbideagaz?
Oso pozik gaude. Orain dela hilabete batzuk ez genuen inondik ere espero pelikulak horrelako ibilbidea izatea. Donostian hasi zen, eta indartsu irten zen bertatik. Eskerrak horrelako festibal inportante batean lekua hartu ahal izan genuela, horrek indarra eman baitzion. Kritika aldetik ere oso ondo funtzionatu du orokorrean, eta jende asko joan da filma ikustera estreinatu zenetik. Jendeak ondo erantzun zuen. Hortik aurrera, erraza izan da; handitzen joan da, eta azkeneko kolofoia nominazioena izan da. Promozio kontuekin-eta ibili gara, eta festibaletan pelikula defendatzea ere tokatu da, baina neke polit bat izan da hori.

Maiz nabarmendu duzue aktore taldearen lana, tartean, Eneko Sagardoyk meritu handia duela Miguel Joaquin sinesgarri bat lortzen.
Bai, Enekok berak sortu du Miguel Joaquin. Guk egin duguna, sorkuntza horretan laguntzea izan da, horretarako ahal diren bitarteko denak jarrita. Meritu itzela du, pertsonaia bat sortu behar duzulako, hasieran normala dena, gero erraldoi bihurtzen dena, eta handitzen doana eta barrutik ere handitzen doana. Ez bakarrik hezurrak, baita organoak ere, eta horrek pertsonarengan ze eragin duen erakutsi behar duzu. Hori ez da erraza, eta Enekok tekla egokiak sakatzen asmatu du, eta ikusten da meritua, errekonozimendu handia jasotzen ari baita. Baina guk uste dugu, bere anaiaren paperean Joseba Usabiagak lagundu diola pertsonaia handitzen, eta, aldi berean, Enekok lagundu diola Josebari handitzen. Azken finean, Handia bi anaiaren arteko istorioa da. Aktore talde osoak lan itzela egin du.

Eta, teknikoki, buruhauste asko eragin dizue grabaketak?
Eguneroko azterketa moduko bat izan da; beharbada, egun batean ondo irteten zenak hurrengo egunerako ez zuelako balio. Bagenituen alternatibak, baina ez kontrol osoa. Beti zegoen efektu arduradunaren laguntza; hainbat departamenturen batura izan da: Eneko bera, makillajearena, efektuena, jantziena. Nahiko azkar hasi ginen ikusten pertsonaia sineskorra geratzen ari zela, eta horrek lasaitu egin gintuen.

Sagardoy ikasle edukitzeak izan zuen eraginik aukeraketan?
Ez. Eta, batzuetan, norbaitegaz loturak izatea zaildu egiten du kontua. Eneko mila saltsatan dabilen pertsona bat da, eta guztietan ondo. Etortzen zenean oso ikasle fina zen, jantzia eta interesgarria, eta ekarpen handiak egiten zituena. Gaztea izan arren, agerikoa zen asko bizitakoa zela. Hau egitera etorri zenean, hasieran arraroa egin zitzaidan; Jonek [Garaño] hasieratik argi zeukan, eta proba egin eta gero hautagai nagusi bilakatu zen; fisikoa egokia zen, eta bere meritu osoz posizionatu zen. Gero, niri oso erraza egin zitzaidan ikasletik aktorerako pareta hori botatzea; beti dago entzuteko eta ekarpenak egiteko prest.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!