52. Durangoko Azoka

Ugaldetarrak: Boluntarioen hiru belaunaldi batera Durangoko Azokan

Aritz Maldonado 2017ko abe. 7a, 09:21

Durangoko Azoka posible egiteko, boluntario lana egiten dute Gerediaga elkartearen bueltako lagun askok. Elorriotik etorritako Ugalde familiarena da adibide bat. Azokarekiko maitasuna eta konpromisoa hiru belaunalditan transmititu dute euren etxean. 

Gerediagaren postuan boluntario lanean topatu genituen atzo Jabier Ugalde, Iratxe Ugalde eta Uxue Abaitua elorriarrak. Elkarregaz lan egiten duten bigarren urtea dute hau, eta iazko esperientzia errepikatzeko asmoz etorri dira. "Asko gustatu zitzaidan bertan lan egitea, jende asko ezagutu nuelako", azaldu du 11 urteko gaztetxoak. Iratxe amak ere sortzen den giroa goraipatu du. "Harreman politak egiten dira, eta kultur ekitaldi piloa daude; ez gara Durangotik irteten egun hauetan". Lau orduko txandak dituzte egunean. "Segituan pasatzen dira", azaldu du Jabierrek, familiako nagusienak.

40 urte standean
Durangoko Azokak belaunaldi arteko kultur transmisioan izan duen garrantziaz ohartarazi du Euskaltzaindiaren standean dagoen Lutxi Alberdi iurretarrak. "Euskal Herria eraikitzen laguntzen duen tresna bat da, belaunaldi batetik bestera etortzen jarraitzen dugu", adierazi du. Alberdik 40 urte baino gehiago daramatza Durangoko Azokan parte hartzen, laguntzen lehenengo, eta beharrean gero. Giroa ez, baina lau hamarkada hauetan, Durangoko Azoka aldatu dela dio Alberdik. "Aldaketa handiena, papeletik digitalerako jauzia izan da".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!