52. Durangoko Azoka

“Ezin dugu abestu matxismoaren biktima diren emakumeen paperetik”

Markel Onaindia 2017ko abe. 5a, 09:00

Argazkia: Olatz Artola (Tolosaldeko ataria)

Hip-hop azidoa egiten du Glaukoma taldeak. Hirugarren diskoagaz, taldea hazten eta zaleak irabazten ari da. Juantxo Arakama abeslariak egin dio kasu kazetariari telefonoz.

Plateruenean joko duzue Azokan. Zer espero duzue? Zelako kontzertua izango da?
Badakigu Azokaren bueltan Euskal Herri osoko jendea egoten dela kontzertuetan. Beraz, berezia izango da. Oraindik ez dugu itxita, baina sorpresaren bat egotea ere bada gure asmoa.

Azokan sarritan egongo zarete standean?
Bai. Bonbereneako standean egongo gara presente, eta, ahal den neurrian, lan kontuak direla-eta, taldekideok bertan egoten saiatuko gara.

Talde ugarik egin dute indarkeria sexistaren aurka, baina ez askok gizonen paperetik. ‘Gure kaiola’ abestiagaz, nobedade bat da zuena.
Gure artean asko hitz egin dugun gai bat da, eta natural atera da letra.  Esloganak gure egin ditzakegu, baina taldekideok eta ekipokoak denak gizonak gara, eta, nire ustez, ezin dugu abestu matxismoaren biktima diren emakumeen paperetik. Guk bestelako matxismo bat sufritzen dugu. Gizona naiz, zisgeneroa, heterosexuala, zuria eta mendebaldekoa, eta hori kontuan hartuta idatzi behar dut.

Duela 10 urteko tendentziak eta gazteen gustuak ez dira gaur egungoak.
Hori aldatu egin da, eta munduko estiloa ere bai. Gaur egun munduko irratietan entzuten den musika ia gehiena elektronikaz egiten da. Euskal Herria ere mundu horren baitan dago. Guk soundsystema gogoko dugu, eta dantzaren aldeko deia egiten dugu, dantzak jendeari on egiten diola iritzita.

Kapitalismoak jendearen jarreran eragiten duela nabarmentzen duzue diskoan.
Pasaiako portuan jeke errusiar baten megayatea sartu zen, eta Teleberrin albiste pozgarri lez eman zuten. Baina beste nonbaitetik etorritakoen kasuan ez da horrela eskaintzen, eta arrisku moduan ere azaldu izan da euren helduera. Klasea da bereizten gaituena, ez jatorria.

Egurra banatzen duzue, eta horren adibide da ‘One, two’ abestia. ‘Durangoko Azoka euskal photocalla’ diozue abestian. Zergatik kritika hori?
Mundua nola dagoen ikusita, labur geratzen ote naizen zalantza izaten dut sarri. Durangoko Azokan egon behar dugula uste dugu. Baina, bestalde, ez zaizkigu gustatzen Azokan ikusitako gauza batzuk. Mitifikazioena, argazkien kontua... Gauza horiek industriari mesede egiten diotela uste dugu, entzuleari berari baino.

Zuk idazten dituzu letrak? Zergatik gaztelaniaz ere bai?
Pasioz egiten dudan gauza bat da. Letrak natural irteten zaizkit, ez dakit orri zuriari gezurrik esaten. Kontzientziaz egindako disko bat izan da, denbora hartuta. Bizitza elebidunekoak gara, eta gaztelaniaz idaztea ere gura dut. Uste dut ondare bat dela, gainera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!