Amankomunazgoagaz hitzarmena sinatu dute Berriz, Mallabia, Zornotza eta Ermuko udalek, eta baita Lea Ibarra eta Lea Artibaiko mankomunitateek ere. Sare hori osatuko duten 25 bat herrietan lo leku bila dabiltzan herritarrei aterpea emango diete horrela. Neguan 10 leku edukiko ditu, eta urtean zehar 5. Iaz, eguneko 3,5 pertsonakoa izan zen amaierako batazbestekoa. Martxoaren 1ean ipiniko da martxan zerbitzu berria, 70.000 euroko gehieneko aurrekontuagaz, eta ostatua non eskaini lehia publikora aterako dute. Erkidegoko gizarte zerbitzuen legeak ezarri du aurrerantzean eskualdeen esku egongo dela urte osoan gaueko harrera eskaintzea.
Hitzarmen honen jarraipena egingo dute instituzioek, eta proiektu berriak ere aurreikusten dituzte. Etxebakoentzako eguneko zentroa eta etxe tutelatuak antolatzen hasteko asmoa dute, gaur aurkeztutako hitzarmena martxan ipini eta gero. Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak azaldu du udal eta mankomunitateen artean "ondo moldatu" direla hitzarmena adosteko prozesuan, eta gainerakoen ahalegina eskertu du.