52. Durangoko Azoka

“Saguganbararen helburua irakurzaletasunaren ikuspuntutik transmisioan eragitea da”

Jone Guenetxea 2017ko abe. 1a, 12:04

Irakurle hasiberriek eta gaztetxoek beraien txokoa izango dute Saguganbaran. Berbaro elkarteak antolatzen duen gunearen helburua gaztetxoei euskal literaturaz eta kulturaz gozatzeko espazioa eskaintzea da.

Horretarako, ipuin kontaketak, dantza saioak, aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte. “Gure helburua irakurzaletasunaren ikuspuntutik transmisioan eragitea da”, azaldu du Itsaso Gangoitia Saguganbarako arduradunak. Izan ere, lehen urteetan literaturara gerturatzen diren umeei irakurzaletasuna piztea errazagoa da. “Askotan etorkizuneko irakurleak direla esaten da. Guk azpimarratu gura dugu umeak dagoeneko irakurle direla eta beraiei bideratutako sorkuntza handia dagoela”. Haurrentzako kalitatezko literatura sorkuntza horren erakusleiho izan gura dute. Horretarako, haurrak eta beraientzako sorkuntza erdigunean jartzen dituzte. “Bide horretan euskal sortzaileek egiten duten ahalegina eskertu gura dugu”, dio Gangoitiak. Bestalde, literaturaz gain, arlo anitzetako sortzaileak bilduko dira: ilustratzaileak, dantzariak, abeslariak...

Saguganbaran klasiko bat izaten den Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirik ez da izango aurten. 30. urteurrena dela-eta, Joxe Marik, Aiorak eta Mertxek areto nagusian aurkezpena egitea erabaki dute aurten. Hala ere, egitaraua ekitaldiz gainezka dator ume zein gazteen gozamenerako.

Leire Bilbao, Amaia Hennebutte, Arrate Egaña eta Antton Kazabon, esate baterako,  beraien liburuak aurkeztera joango dira literaturara zuzendutako gunera. Era berean, Eider Eibar ilustratzailea izaten da gunea atontzen duena, eta zornotzarrak ere emanaldia eskainiko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!