“Katalanak baino askoz rockeroagoak gara gu”

Anboto 2017ko aza. 17a, 13:00
Ilaski Serrano eta Alex Sardui. Argazkia: Mikel Ezkerro (Goiena)

Iazko Durangoko Azokan Aske Bizi Aske Maite kaleratu ostean, kontzertuetan berau aurkezten aritu dira gernikarrak urte osoan. Plazetan zein aretoetan, jarraitzaileek laukote gernikarraren kontzertu bakoitza azkena balitz bezala bizi dute. Plateruenean arituko dira gaur eta bihar, eta bi kontzertuetarako sarrerak duela asteak agortu ziren. Bertan elkarrizketatu du Ilaski Serranok Alex Sardui.

Ilaski Serrano: Galdera gaitz bat, hasteko. Nola definitzen duzu zure burua? Nor da Alex Sardui?
Alex Sardui: Alex Sardui kuadrillako beste bat baino ez da; musika munduan, berriz, Gatibuko abeslaria naiz, gehiago barik.

Azaldu kanpoko bati zein hizkuntzatan abesten duen Gatibuk. Zergatik hau guztia?
Zein euskara motatan abesten dugun esateko, lehenbizi argitu beharko litzaioke Euskal Herrian zazpi euskalki daudela. Guk bizkaiera aukeratu dugu abesteko, gurean den legez.

Bizkaiera. Aurreiritzi askori aurre egindakoak gara, bai bata eta bai bestea. Momentu honetan, baina, posizio eroso batetik gabiltzala esango nuke.
Bizkaiera duela 15-20 urte baino onartuago dago gaur egun, eta hori bizkaitarrok dugun burugogorkeriari esker dela uste dut. Egun, gure euskara edozein lekutan edo mediotan erabili dezakegu.

Noiztik abesten duzu?
Betidanik. Familian beti eman digute aukera. Ez dakit noiztik abesten dudan, baina badakit aitak kasete batean grabazio bat duela, nik hiru urte nituenekoa, eta bertan abesten agertzen naiz.

Ahotsa behar da abeslaria izateko; zuk badaukazu Eszenatoki gainean egoteko behar den karisma hori ere.
Bai, hori horrela da. Eszenatokian, norberak ez badu aurrera egiten, jendea [ikusleengatik] da aurrera egiten duena, eta orduan atzera egiten du abeslariak. Jendeak aktibitatea behar du, zerbait esan edo transmititzen duen norbait. Antzerkian ikusten da hori asko; gaitasun hori dute antzezleek, eta horri esker sartzen zara hainbeste obran.

Ez diot bilatu duzunik, baina oso ezaguna zara Euskal Herrian?
Lehen ez gintuen inork ezagutzen, baina, orain, bai. Euskal Herriko edozein lekutara joan eta jendeak ezagutzen nau. 

Ze garrantzi du Plateruena lako espazio propioak edukitzea? Topagune bat dira artistentzat eta ikusleentzat.
Ez dago parekorik. Esango nuke Euskal Herriko antzokiak gakoa direla kaleko kultura salbatzeko. Euskal giroan mugitzeko, primerakoak dira.  

Inbidia ematen dizute gazteek?
Nortasuna galdu dute gazteek. Lehen, kontzertuetara etortzen ginenean, zoramena izaten zen. Ez zen existitzen kontzertuak ez ziren beste ezer. Orain, berriz, neurtuago ikusten ditut, itxura eta horrelakoak zaintzen. Hori askatasuna murriztu delako da. Zentzu horretan, lehen oso libreak ginen. Gure gurasoek gehiago gozatu zuten horretaz, eta gure aitita-amamek ere bai.

Zubi lana egiten duzu belaunaldi gazteago eta zaharragoen artean. Musikari zaharrekin ikusi zaitugu telebistako galetan, eta, aldi berean, azken diskoan musikari gaztez inguraturik.
Gugaz ere horrela egin zuten. Bakoitzak bere egiteko modua duen arren, beteranoekin asko ikasten da. Gazteekin egotea ere asko gustatzen zaigu. Talde gazteak oso onak dira, musikalki oso preparatuta datoz, baina ez dute lehengo presentzia kalean edo irratian; guk hor sartzen lagundu gura dugu. Lehen Euskadi Gaztean [irrati katea, Serrano bertako aurkezlea zen] egiten zenuten bezala, adibidez, maketa lehiaketa eginda. Hori oso garrantzitsua zen euskal taldeentzat.

Hau nire gogoeta da: gutxiago falta da ametsak betetzeko. Lehen pentsatzen nuen bide luzea geratzen zitzaigula, eta horrek ematen zuela indarra.
Gazteak hori du, eta behar du. Gaztetatik hori kentzen badiozu gazteari, 20 urteko zahar bat izango duzu, eta hori ez da ona, ez musikartzentzat, ez beste edozein arlorentzat. Ez da ona kateak jartzea. Gazteak imajinazioa du, gaitasuna du gauza estratosferikoak pentsatzeko, eta hori ezin da geratu.

Utopiarako, mundua aldatzeko...
Gure seme-alabek hori egin behar lukete, gauza berriak atera. Nahiz eta guk pentsatu ‘Joe, hori astakeria bat da’. Horri forma ematen badiote, esperientziagaz ametsak betez joango dira. Ametsa aldaketa da.

Zalantza barik. Bide horretan, gakoetako bat baikortasuna da eta zuk hori transmititzen duzu. Zu pixka bat ezagututa igartzen da, barre egiteko moduan. Pertsonalki oso momentu txarrak bizi izan arren, beti eduki duzu idarra aurrera egiteko.
Ez da askorik behar izaten behea jotzeko. Sarri, pentsatzen ez duzun lekutik dator disgustoa. Eta nola preparatu? Aurretik kolpea hartuta. Zuk ere badakizu, gure moduan aurpegi apur bat dugunok kolpe handiagoak hartzen ditugula. Indar gehiago behar izaten dugu zulo horretatik irteteko. Baina, ikasi egiten duzu, eta zulo horiek ez dira hain sakonak izaten, eta zerua ere ez dago hain hurbil. Neurria hartu behar da, eta ahal denean umorea atera. Eta ezin denean, zugaz elkartu eta barre batzuk egin (barrez)! Umorea duen jendea gehiago bizitzen da.  

Gu hemen Gatiburi buruz berba egiten ari gara, baina, ze pozik bizi ginen gu Exkixu entzuten! ‘Aurkitu zintudan irrifartsu’, zenioten.
Hori gure lehenbiziko singlea izan zen, duela 25 urte!

Oso modernoa zen bere garairako. Garai horretan sartu zen trikitixa popean ere. Talde batzuek hor egin zenituzten keinuak gaur egun ezagutzen denari ateak zabaltzeko.
Bai, begira Huntzak zelako arrakasta duen trikitixa jota. Musikalki ezberdina da, baina bertako instrumentua ere erabiltzen dute. Horrelako taldeak behar dira. Eta neska gehiago ere bai. Taula gainean, oso potenteak izaten dira neskak.  

Zer duzue abeslariek, lau akorde hartu, lau berba idatzi eta entzulea engantxatzeko?
Musikaren magia da hori. Euskal Herrian oso exigenteak gara letrekin. Letra bat iristen zaizunean, ez duzu ahazten. Guri hori gertatu zitzaigun Kortatugaz, Hertzainakegaz eta sasoi horietako taldeekin. Jendeak zure letra hori berea balitz bezala hartzea gauza oso handia da. Taula gainean zaudela, jendea abesten dagoenean, sekulako momentua da. Agirretxe errealeko jokalariak esan zuen, futbolariak gola sartzean emozioak goia jotzen zuela, topea dela, eta arrazoi du. Klimax hori lortzen denean, zabaldu egin behar da, ezin delako kontrolatu. Noizbait musika uzten badut, horren falta sumatuko dut gehien.

Musturrek sartunde zabiltza leku denetan. Busti egin behar gara iritzi emaile moduan?
Ezagunak bagara, busti garelako da. Bustitzea zer da, iritzi bat edukitzea? Kataluniari buruz? Askatasunari buruz? Musikariak taulara igotzean, edo kazetariak irratian mikrofonoa hartzen duenean, bustita dago jada, jendeak horrela ulertu ez arren.  

Jarraitzen duzu Katalunia? Lotura estua duzue bi herrietako musikariek?
Bai, estilo ezberdinetan, baina bai. Gu askoz rockeroagoak gara. Lotura existitzen da. Katalunian asko disfrutatzen da musikaz, baina hemen pasioa daukagu. Han talde nagusiak 1.200 lagun sartuko ditu aretoan. Hasierako taldea ikusten, berriz, 300 egongo dira. Hemen 800 sartuko ditu talde nagusiak, eta 700 egongo dira hasierakoa ikusten. Hori hemen bakarrik gertatzen da.

Aske bizi, aske maitte. Maitasuna da mundua mugitzen duen motorea?
Aske bizitzea eta aske maitatzea beharrezkoa da, norbera hazteko eta irizpide batzuk edukitzeko, polita da hori. Baita inguruan dagoena ezagutzeko ere, eta pentsamendu ezberdinak jakiteko.

Euritan dantzan, busti arren.
Hori da jokoa, eta horregatik egin genuen letra hori. Garai horietan, gainera, krisiak goitik behera kolpatu gintuen. Azken finean, euria egin edo elurra egin, aurpegi ona jarri behar da. Euskaldunok onak gara hori egiten. Hori transmititu gura genuen, euria egin arren, dantzan egingo genuela, pozik.

Atzera begiratu, eta ‘Ze ondo pasatu dugun!’ da, ezta? Aurrera begiratuta, zer ikusten da?
Egindakoak balio bat du, ondo, baina eginda dago jada. Noizbait, jubilatzen garenean, jendeak esango du zer egin dugun, ez nik. Aurrera begira egin behar da lan. Bertan dugu, adibidez, Durangoko Azoka, eta hori oso garrantzitsua da euskal sortzaileontzat. Lan egiterakoan data finko bat edukitzeak, eta horren arabera lan egin behar izateak, jarraikortasun bat ematen dizu. Lan egiterakoan epeak markatzea ondo datorrela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!