Elorrioren ostean, Zornotza eta Berrizen txanda da ziklo-krosean

Joseba Derteano 2017ko aza. 16a, 09:15

Argazkia: Pello Osoro

Nazioarteko izarrek Elorrioko proban emandako ikuskizunaren ostean, ziklo-kros egutegiko hurrengo hitzorduak ere Durangaldean izango dira: Zornotzan asteburu honetan, eta Berrizen hurrengoan.

Zornotzako lasterketa domekan lehiatuko da, eta kadete eta gazte mailetako txirrindulariei bideratuta dago. Urtero legez, Amorebieta Txirrindulari Elkarteak Jauregibarriako landetan antolatuko du 2,8 kilometroko luzera duen zirkuitua. Neska-mutiko kadeteen lasterketa 11:00etan hasiko da, eta gazteena 12:00etan.
25ean, Berrizen

Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusiak 200 txirrindulari baino gehiago elkartuko ditu azaroaren 25eko zapatuan, Berrizburun. Berriz Bizikletari Elkartearen eta Berrizko Udalaren artean antolatutako lasterketa 2,8 kilometro dituen zirkuitu azkarrean gauzatuko dute. Txirrindulariek jaitsiera teknikoei, igoera gogorrei eta saltoei zein oztopo naturalei aurre egin beharko diete ibilbidean. Euria egiten badu, zirkuitua lokaztu egin daiteke, eta parte-hartzaileen lana gogortu.

Master mailetako txirrindulariak izango dira lanean hasten lehenengoak, 10:00etan. Ondoren, 11:00etan, kadeteen txanda izango da eta, 12:00etan, junior mutilena eta emakumeena —elite, 23 urtez azpiko eta juniorrena—. Gizonen lasterketa nagusiari —23 urtez azpikoak zein eliteak batuko dituenari— 13:00etan ekingo diote. Berrizko Ziklo-kros Sari Nagusiak sari eta dieta berdinak banatuko ditu mutilen eta nesken artean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!