Basoek ezinbesteko garrantzia hartu dute gure paisaian?
Durangaldean lurraldearen erdia baino gehiago da basoa. Eskualdean eta, oro har, Euskal Herrian lotura estua egon da eta dago basoaren eta gizartearen artean. Gizartearen eta kulturaren ondorio da gaur egungo paisaia. Paisaia guk sortutakoa da, guk aldatutakoa. 1950eko edo antzinagoko argazkiak hartuz gero, garai batean hemen basorik ez zegoela ikusiko dugu.
Basorik gabeko paisaia izan dugu aurretik gure inguruan?
Askok uste du Euskal Herrian pinuak hariztiak ordezkatu zituela. Ez da egia. Pinuak landa eta soloak ordezkatu zituen. Euskal Herrian inoiz ez da egon baso zerraturik. Afrikako sabanaren edo Extremadurako dehesaren antzerako paisaia izan dugu XX. mendera arte, zati handi batean. Nekazaritza eta abeltzaintza asko hedatu ziren, eta gizakiaren esku-hartze horrek baso eta arboladi ia guztiak desagerrarazi zituen. Desamortizazio sasoian, adibidez, Berriz osoan ez zegoen tantai bakarra; nekazaritza eta abeltzaintza herri osora zabaldu ziren.
Industrializazioak aldatu zuen paisaia hori?
Bai. Euskal Herrian eta, oro har, Europan oso arbola gutxigaz heldu ginen XX. mendera. Industrializazioagaz, hainbeste hedatutako baserri inguru hori herrietan eta fabrika inguruetan batzen hasi zen. Horren eraginez, solo eta landak ordezkatu zituen pinuak —nahiko denbora laburrean etekina ateratzea ahalbidetzen zuen, lan askorik eskatu gabe—. Haritzak eta beste hainbat espezie bertan behera utzi ziren, eta zabalduz joan ziren. Pinua etorri zelako eta landatu zen tokietan landatu zelako ditugu beste toki batzuetan haritzak eta bestelako arbolak.
Basoen garrantzia eta gizarteari ekarritako onurak ezagutarazteko lan egiten du Basoa Fundazioak. Zenbateko garrantzia dute basoek?
Landaretza duten ekosistemen barruan, basoa da eboluzio gorena izan dezakeena, eta gizarteak erabiltzeko zerbitzu eta produktu asko sortzen ditu. Klima eta lur oso aproposak ditugu basorako, eta horrexegatik izan dugu euskaldunok lotura oso estua beti basoagaz. Euskal Herriaren %60tik gora da basoa; are gehiago eskualde batzuetan.
Jabetzen da gizartea basoen garrantzi horretaz?
Une honetan ez, eta hor sortzen da arazoa. Euskal gizartea urbanizatu egin da, asko. Pentsamoldez kaletarrak bihurtu gara. Baserriek gero eta gehiago dute txalet itxura. Ostera, landak, basoak... galtzen ari dira. Pentsamolde urbanoaren aldeko desoreka bat bizi dugu. Euskaldunek basoagaz betidanik izandako lotura pentsamolde berri batek ordezkatu du: basoa utzi egin behar dela, ezin dela ukitu. Egur asko sortu duen eta ondo erabili duen gizartea izatetik, egur gutxi sortu eta txarto erabiltzen duen kultura batera pasatu gara. Horri buelta ematen hasi gara orain.
Oreka bat lortu behar da ?
Hori da bidea. Gizartearen nahien eta paisaiaren aitzakian kalte handiak egin daitezke eta oreka lortu beharra dago. Baso-jabe edo baso-kudeatzaileari
—herri basoak ere badaude hor— basoa aldatuaraziz gero, litekeena da errendimendu ekonomikoa murriztea, lan gehiago sortzea, ardura gehiago… Gizarte osoarentzat irabazi edo onura ekarri dezake aldaketa horrek, baina gizarte horren zati txiki baten gain uzten dira ardurak. Gainera, derrigorrez. Arazoa ez da helburua, horretara heltzeko bideak baizik.
Zein bide jorratu behar dira?
Baso-jabe eta kudeatzaileekin akordioak lortzen saiatu behar da. Basoak egurra ematen digu, eta, horrez gain, ura iragazten du, CO2a arintzen du, paisaia sortzen du, txorientzako habiak sortzen ditu… Gizartearentzat onuragarri diren zerbitzu eta produktu hauek, baina, ezin ukituzko balioak dira. Ez dute etekin ekonomikorik ematen. Perretxikotarako, paisaia bat sortzeko, aisialdirako… basoa sortzera derrigortzeak irtenbide bako amildegira darama. Inork ez du hori gura. Badira bideak horri aurre egiteko: hobariak eskaini, diru-laguntzak... Frantzian ingurumen-zerbitzuagatik ordainsaria dago.
Zein izan beharko litzateke etorkizuneko paisaia?
Euskal Herria txikia da eta jende asko bizi gara. Elikadura edo burujabetza energetikoa gura badugu, baina, aldi berean, biodeodibertsitatea sustatu, ez dago denetarako tokirik. Ez dut txarto ikusten erreserba integralak zehaztea, baina interbentzioa egongo den basoak ere behar dira. Basoetatik ateratzen duguna baino energia gehiago atera daiteke, adibidez. Dena den, jabeak eta kudeatzaileak kontuan hartu behar dira eta ordainsari bat eman. Basoei erabilera bat ematera joan beharko genuke, mantendu egin beharko genituzke. honetarako.