Alerta, Tuesday Evenings, Sermonds, Sybaris, Yoko Out… taldeetan ibilitako esperientzia handiko bost musikarik sortu duzue Nebrashka. Zelan eta noiz sortu zen proiektu berri hau?
Ia gehienak Yoko Out-en azken etapan elkarregaz geunden, eta Yoko Out-en geldialdiaren ondorioz beste bide batzuk esploratzen hasi ginen. Urtebete inguru ibili ginen horrela, Nebrashkari forma eman arte.
Lehenengo kontzertua da Berrizko Kultur Etxekoa. Zer gorputzaldi duzue?
Hasieratik dakigu Nebrashka zuzeneko gutxi emango dituen proiektua dela. Bat izan ezik, taldeko partaide guztiak gurasoak gara eta zaila izaten da betebeharrak eta aisialdia uztartzea. Beraz, gogotsu gaude kontzertua eskaintzeko; entseguetan sasoi onean gaudela ikusi dugu eta irrikan gaude abesti eta proiektu berri honen aurrean jendeak daukan erreakzioa ikusteko.
Uda aurretik aurkeztu zenituzten bi kantez gain, zer errepertoriok osatuko du kontzertuko kanta zerrenda?
Singleko bi abesti horiez gain, baditugu beste 8 abesti berri ere, eta horrez gain, gure bi talde kutunen bertsio bi ere egingo ditugu. Baina zeintzuk diren jakin gura dutenek kontzertura etorri beharko dute. Guztira, 12 edo 13 abesti izango dira, ordubete inguruko emanaldia.
Bizimina eta Animaliak gara kantak dira momentuz entzun ahal izan ditugunak. Elkarrizketa batean esan zenutenez, Yoko Out-etik Nebrashkarako “trantsizioko kantak” dira bi horiek. Izan ere, estilo aldaketa bat egin duzue aurreko taldetik Nebrashkara. Zer norabidetan egin duzue aldaketa hori?
Yoko Out-etik ezagutzen gaituztenek agian shock bat jasango dute abesti berriak entzutean (barrez). Orain serio jarrita: etapa berri honetan folk doinuak alde batera utzi ditugu eta rock & rollean murgildu gara. Kanta potenteak dira, zenbaitetan gogorrak, baina, beti ahots melodia batez apainduak.
Kantakera, gitarrekin egiten dituzuen elkarrizketak eta letra landuak dira Nebrashkaren ezaugarrietako batzuk. Egiten duzuen musikaren zer ezaugarri nabarmenduko zenukete zuek?
Egia da, bai, letrei garrantzi handia ematen diegula, eta jendea horretaz ohartzea asko pozten gaituen zerbait da. Bestalde, aurrekoak ez bezala, esan genezake kasu honetan taldea izan dela gure ezaugarrietara egokitu dena, eta ez alderantziz. Hemen bakoitzak dakiguna eta gura dugun moduan egiten dugu, eta sortuz joan diren abestiak horretara moldatu dira. Oso naturala da egiten dugun musika, naturala ez gatzaizkiolako molde edo estilo bati lotu. Kanta naturalak eta zuzenak dira.
Lehenengo diskoa grabatzeko asmoa daukazue?
Hori izango da gure helburuetako bat, gutxinaka-gutxinaka diskoa grabatzea. Bestalde, taldea ezagutzera emateko hiruzpalau kontzertu eskaintzea ere gura dugu.
20 urte inguru daramatzazue musika egiten. Arratsalde osoa gitarragaz eta bateriagaz esperimentatzen eman zezakeen gazte hark zelan bizi du musika talde bateko partaide izatea bi hamarkada geroago? Hasierako zer gustatuko litzaizueke berreskuratzea? Heldutasunak zer onura dakar?
Galdera ederra, eta erantzun zaila. Hasieran geneukan freskotasun puntu hori, bapatekotasun hori… hori adinagaz badoa eta ezin da berreskuratu. Bestalde, orain mundu hau hobeto ezagutzen dugu, eta baliabide gehiago ditugu. Musikak lagun onak eman dizkigu, momentu politak eta txarrak... Baina denak dauka bere zergatia, denak dauka bere momentua. Bizitza bide bat da eta ez genuke atzera bueltatu gura.