Zerk bultzatu zintuzteten zuen dinamiketan hastera?
Alain: Alpinista naiz eta bide horretatik sartu nintzen Gurutze Gorrian. Duela 7 urte Kirgistanera joan ginenean, istripu potolo bat eduki genuen; ni ez nintzen zauritu, baina ondokoa bai, eta ez nekien ezer sorospenaren inguruan. Horregatik, Gurutze Gorrian hasi eta gero mendiko erreskate taldean sartu nintzen.
Alex: Kasualitatez sartu nintzen guraso elkartean. Ordura arte zeudenak joan ziren, eta erreleboa behar zen. Lau-bost urte izango dira. Eskola jantokien arazoen harira, Gure platera, gure aukera dinamikan sartu nintzen, eta hortik sortu genuen Berton Bertokoa taldea. Hainbat eskolatako gurasoek kezka bera geneukan.
Maite: Uste dut 2013an hasi ginela. ‘Gazta zati bat’ dokumentala ikusi nuen, eta ideia polita iruditu zitzaidan. Gero, lagun pare batek berba egin zidaten hemen zerbait mugitzeko asmoz, Katalunia eta Eskoziako mugimenduei eskapatzen ez uzteko. Eta, egia esan, zerbaitetan sinisten dudanean ez dakit ezetz esaten.
Pertsonalki, zer onura ekartzen dizue?
Alain: Liburuetatik aparte, bizitzaz ikasteko modu bat da. Gurutze Gorrian asebetetzen gaituen gehigarri bat daukagu: desagertuta dagoen pertsona bat zure laguntzagatik etxera bueltatzean, sekulako indarra hartzen dugu. Ohera joatean, lanak balio izan duela pentsatzen dut.
Alex: Bidean egiten dituzun hartu-emanak oso aberasgarriak dira. Jendea tentsiodun momentuetan ezagutzen duzu, denbora asko inbertitzen duzu eurekin... Asko ikasten duzu eta lagun berriak egin ere bai.
Maite: Nire gurasoak ikastolen mugimenduan sartuta ibili ziren, eta oso barneratuta daukat mugimendu sozialetan parte hartu behar dela. Zornotzan talde majoa gaude, 10-15 bat batzen gara astero. Herri dinamika lez poza ematen du. Jendea ezagutzen duzu, eta ikusten duzu jende askok egiten duela lan zure antzera. Horrelakoetan hasten den jendeak zeozer berezia badaukala uste dut. Oso aberasgarria da.
Ez da erraza izaten eguneroko ardurekin bateratzea, eta gutxiago guraso izanda...
Maite: Niretzat batzarretara joatea izaten da astunena, umeak etxean bakarrik uztea. Ume bi dauzkat eta, gainera, banatuta nago; beraz, batzuetan gaitza izaten da denbora ateratzea. Baina gustura nabil.
Alex: Hiru seme txiki dauzkat, 6, 4 eta 2 urtekoak. Etxean, bikotekidea eta biok nahiko aktiboak gara, eta hori lortzeko ondo antolatzen saiatu behar duzu; familiaren laguntza ere beharrezkoa izaten da. Egunak 24 ordu ditu eta ezinezkoa da denera ailegatzea. Akaso ezin duzu lagunekin egon; baina, militantzian lagun berriak ere egiten dituzu.
Alain: Nire bikotekidea ere taldekoa da; beraz, ondo ulertzen dugu elkar eta sarritan batera joaten gara irteeretara, momentuz ez baitugu umerik. Ekainean ezkondu ginen eta Tanzaniara joan ginen GKE bategaz. Sanitario lez joan behar genuen herrixka batera, baina gobernu aldaketaren eraginez, eskola eta umezurtzen etxe batera joan ginen laguntzera.
Maite: Zuena bizioa da! (barrez).
Zailtasunen gainetik, lanean jarduten duzue. Zergatik?
Alain: Bakoitzak jasotzen duen aberastasunagatik. Bizitzan dena ez da dirua. Gauza ez-materialak dira garrantzitsuak, pertsonak eta hartu-emanak.
Maite: Bete egiten zaituelako, azken batean. Filosofia kooperatibista hori gure lurrekoa dela uste dut; ikastola margotzen joan behar bada, bazoaz.
Alex: Nik uste, gehiago edo gutxiago, denok sentitzen dugula besteei laguntzeko nahia, ezta?
Alain: Egia da jendeak arraro begiratzen dizula batzuetan. ‘Ez duzu dirurik atera behar hemendik?’ galdetzen dute.
Maite: Batzuek lotsa sentitzen dute, inoiz ez direlako horrelako istorio batean egon. Nik uste dut jendea asko kexatzen dela, baina gero gutxi mugitzen dela.
Alex: Nire zalantzak ditut. Alde batetik ados nago, baina igual ez da mugitzen guk espero dugun parametroetan. Zenbat futbol talde daude? Zenbat mendi talde? Uste dut denok dugula arren bat barruan. Ar hori une batzuetan denok batera askatzea lortzen badugu, hor jaioko da beldarra edo tximeleta.
Gaztaroko nostalgiarik baduzue?
Alex: Begirale izan nintzen, Gazte Asanbladan eta jaiak antolatzen ere ibili nintzen... Gertatzen dena da, orain, umeekin, lehentasunak aldatzen direla. Baina oso aberasgarria da; eurekin gosaltzea, eurekin eguna ematea, itzela da. Horregatik akaso, ez daukat nostalgiarik.
Maite: Niri, orain, gaztetan baino ilusio handiagoa egiten dit, kontzienteago naizelako. Beste ama batzuek esaten didate beti nabilela bueltaka, baina nik hori sentitu eta egin behar dut.
Kontaidazue zuen esperientzietan bizitako une polit edo hunkigarrietako bat.
Maite: Nik hementxe, Durango-Iruña giza-katean emozionatuta negarrez bizi izan nuena. Zelan irten zen hain ondo? Euforia partekatu bat izan zen.
Alain: Egun horretan Gurutze Gorriagaz egon nintzen, eta Kanpazarren ume bat jausi zen. 4x4 bat sartu genuen, eta Durangoraino etorri ginen. Bestalde, sei-zazpi egun markatuta dauzkat une berezi lez. Ume batzuk Gorbeian, elurretan, erreskatatu genituenekoa, adibidez. Jendeak asko eskertzen du; mezuak bidaltzen dizkigute, eta pastelak ere bai batzuetan!
Alex: Ekainean jaia egin genuenean, guraso elkartekoak lanean ibili ginen. Gauean afaria egin genuen, eta nekatuta egon arren zoriontsu geunden. Denok batera argazki bat atera genuen. Urtebeteko lana amaitu dela eta Gurutze Gorriaren beharrik izan ez dugula ikustea ona izan zen! (barrez). Hara! Bilbon Gure Esku Dagoren ekitaldia ere egon zen egun horretan