Ilusioa erraietan, irria ezpainetan, gauzak aldatzeko gogoa bihotzean

Markel Onaindia 2017ko ira. 15a, 09:13

Ikasturte berriagaz, hausnarketan eta planifikazioan murgilduta dabiltza elkarte eta mugimenduetako kideak. Helburuak, erronkak... Baina, garatzen duten dinamika horrek guztiak zelan eragiten du euren egunerokoan? Zer emaitza jasotzen dute pertsonalki?

Alde pertsonal hori jorratuko du ANBOTOk datozen hiru asteetan, hiru gaztegaz hasita. Anes Baños Madariaga Sorginola gaztetxeko kidea (22 urte, Durango), Ander Biritxinaga Guirao Rio de Orokoa (21 urte, Durango), eta Maialen Magunagoitia Bereziartua Arrazolako jai antolatzailea (24 urte, Atxondo) batu dira solasaldira

Zer ekarpen egiten dizue zuen proiektuak pertsonalki?
Ander: Gauza positibo asko ekarri dizkit Rio de Orok. Aniztasun handia dago, eta bakoitzak ekarpen desberdinak egiten ditu. Guk beti esaten dugu udako kanpamentuak magia moduko bat daukala, engantxatzen zaituena. Familia baten modukoa gara, askotan egoten garelako; gure egunerokotasunean sartu da proiektua. Baina lanagaz edo ikasketagaz erraz bateratzen da, ez da ordu asko kentzen dizkizun lan bat. Aurten proiektu bi gehiago hartu ditugu, Herria elkarteak kudeatzen zituen Oporrak bakean eta Karabana solidarioa.
Anes: Sorginolak ilusioa ekartzen dit. Guk sortu dugun proiektu bat da, bere osotasunean. Ume-moko batzuk ginela heldu ginen, eta ez genuen jakin bonbila bat ipintzen ere. Laguntza eskatzen joan eta astiro-astiro “txispas” eta “fontanero” izan gara auzolanetan. Skate gunea eta musika lokala atontzen ibili gara udan, esaterako. Alde negatiboa beste gauza batzuk egiteko denbora falta izaten da, baina gustatzen zaidana egiten nabil. Herriari eskaintzeko espazio bat sortu dugu, eta horrek pozten nau gehien. Durangok gabezia handi bat du gazteentzako espazioekin. Gura duenak Sorginolako ateak zabalik ditu.
Maialen: Jai batzordean ibiltzea lagun kuadrilla bat edukitzea da niretzat. Beste belaunaldi batzuekin kontaktuan egotea ere ahalbidetzen dit, eta oso aberasgarria da hori. Buruko min asko ematen ditu, baina onerako ekartzen duena askoz gehiago da. Bestalde, Karrika antzerki taldean ere banabil, eta familia handi bat da. Lo ordu asko kentzen dizkizu, baina ematen dizuna... Karrikaz berbetan hasten garenean jendeak esaten digu ez gaituela ulertzen, zoratuta gaudela (barrez). Bi proiektuek bete egiten naute.

Zelan eman zenuten dinamika horietan parte hartzen hasteko pausoa?
Ander: Duela hiru urte hasi nintzen. Nire inguruko jendea zen, eta kanpamentuetara joatean, ekimena gustatu zitzaidan. Herri bati laguntzeko aukera da, saharar herriari hain zuzen. Euskal Herriak bizitako momentu bat beste herri batzuk oraindik bizitzen dabiltzala ikusten duzu. Bestalde, umeek hona etortzeko duten ilusioa da gehien engantxatzen zaituena.
Maialen: Beti egon izan naiz jaietan, behar izan denean esku bat botatzen. Egia esan, ez dakit noiz hasi nintzen lanean. Gauza natural bat izan zen, dinamika batean sartzen zara eta natural joaten da. Akaso nire izaera ere horrelakoa da.
Anes: Zapaburu konpartsan hasi nintzen gaztetxotan. Norbaitek apur bat engainatzen zaitu jaietan hasteko eta... (barrez). Injustizien aurrean ez naiz konforme geratzekoa, eta horregatik ikasi dut ere Gizarte Hezkuntza. Uste dut Euskal Herriak badituela hobetzeko milaka gauza, baita Durangok ere. Sarritan ez dira garaipen handiak lortzen, baina astiro-astiro bagoaz gauzak hobetzen. Bestalde, ez digute erakusten talde izaera bat edukitzen eta gauza bategatik borrokatzen. Horregatik, ulertzen dut jende batek ez ikustea bere burua ordubeteko batzar batean. Uste dut geuk eskaini behar ditugula plaza horiek, eta bakoitzak ahal duenetik ekarpena egin. Askotan segurtasun ezak gainditzea da zailena. Baina, adibidez, Rio de Orogaz harritu egin naiz zenbat jende aktibatzen duen ikusita.

Baina, sarri ez da erraza izaten ikasketa edo lanagaz bateratzea. Zertarako horrenbeste buruko min?
Anes: Joan den ikasturtea unibertsitateko azkena izan da niretzat, eta bai, ez da erraza. Azken batean, norbere burua eta zure taldekoak zaintzen ikastea garrantzitsua da. Emakumearen egoerari buruz eztabaidatzen geundela esan zidaten: “Zertarako borroka egin? Utopia bat da”. Nire ustez, txarragoa da zaudenean geratzea. Kexatzea eta horren aurrean ezer ez egitea, hori da ezin dudana ulertu. Gainera, utopia batzuk desagertu beharko lirateke, injustiziak direlako. Emakumeok etxera lasai bueltatzeko eskubidea dugu, adibidez.
Ander: Egia da Saharako gatazka konpontzeko urte asko pasatu beharko direla. Baina, errefuxiatuen kanpamentuetan daudenak laguntza humanitarioari esker bizi dira, eta guk lagundu ezik ez dakit zer gertatuko litzatekeen eurekin. Gainera, ez da bakarrik eurei laguntzea; zu ere pertsona lez hezi egiten zara, begirada irekitzen dizu.

Mundua asko aldatu da, eta gazteriaren joerak ere bai. ‘Oraingo gazteek ez dute odolik’, diote hainbatek.
Maialen: Niri askotan esan izan didate. Baina ni ez naiz gelditzen; beraz, esatekotan esan mugitzen ez direnei. Sarri haserretu egiten naiz horregatik.
Anes: Nik uste dut nagusien nostalgia dela, bere garaia hobea izan zenaren pentsamendu hori. Ez dut uste gazteak pasibo batzuk garenik, inondik inora. Bakoitzak bere eran egiten du, baina Durangaldea behintzat oso aktibo ikusten dut, eta daukagunarekiko nahiko inkonformistak garela ere bai. Beste kausa batzugatik ere borrokatzen ikasi dugu: Sahara, feminismoa...
Ander: Nire ustean, askok orokortu egiten dute, eta batzuetan ez da ikusten zuk egindako ekarpena. Arrazolako jaietara jendea doala ikusten da, baina igual ez horren atzetik egiten den lana. Egoera asko aldatu da eta gauzak egiteko beste modu bat dago.

Zelan ikusten duzue zuen burua hemendik urte batzuetara?
Anes: Herrigintzan egongo naizela uste dut. Gaztez betetako gaztetxe bat espero dut, emakumeak euren buruen jabe...
Ander: Ilusiorik barik ezin gara bizi. Ilusioa behar dugu gure asmoak aurrera ateratzeko eta eskubideen alde egiteko.
Anes: Feminismoagatik, presoak etxera ekartzeagatik edo Saharagatik borrokatzen ez egotea espero dut. Dinamika horiek desagertzea seinale ona izango litzateke.

Jaiak ez, ezta?
Maialen: Ez, hori ez! Ez dakit Arrazolak zelako bilakaera edukiko duen hemendik urte batzuetara, baina bertan ikusten dut neure burua. Jaiak mantentzea espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!