Bera bezala, beste hainbat ume etorri dira uztaila eta abuztua pasatzera; Marokoko okupaziotik Aljeriako lurretara ihes egindako errefuxiatuen kanpamentuetakoak dira, hango egoera zailetik eta berotik arnas apur bat hartzeko asmoz etorriak, baita osasun azterketak egiteko ere. Eta hori posible egin ahal izateko, hortxe egon dira harrera familia ugari. Aurten, Durangaldean bost etxe gehiagotako ateak zabaldu dituzte umeak hartzeko; Sahararen alde euren hondar alea ipini duten familia berriak dira.
Ume itsua
Rio de Orok proiektuaren ardura hartu duen lehen urtean –Herria elkarteari erreleboa hartuta– egindako kanpainari esker gehitu dira familiarik gehienak. Azken urteetan beheranzko joera egon da, eta aurten buelta eman diote. Pozik daude eta hobetzeko itxaropena dute, Aitor Lejarazu kidearen esanetan. “Aurten joerak gorantz egin du, eta espero dugu gorantz jarraitzea”, adierazi du kide izateaz aparte Muntsarazko BERE etxean ume bat hartu duen mutilak. Kasu berezia da, gainera, eurena: itsua da zaindu eta maitatu duten Jadiya Abdi Mohamed.
Aurreko urte bietan, behar bereziak dituzten umeen Rio de Oroko kanpamentura etorri zen Jadiya. “10-12 bat umerentzako lekua dago. Abenduan Saharara joan ginenean, 30 bat umeren fitxak ekarri genituen. Asko berriak ziren, eta Jadiya jadanik bi urtez etorria zen. Gainera, diagnostiko sanitario bat bazeukan”, kontatu du Lejarazuk.
Baina, bera eta bikotekideak uda libre zeukaten, eta Jadiya etxera ekartzea otu zitzaien. Itsua izanda, 60 egunean 24 orduz zaindu beharrak kezkatzen zituen hasieran, normala denez. “Etxean egongo ginen ordu hutsetan, zer egin? Horrelako ume bati ezin diozu telebista ipini, ezta pelikula bat jarri ere, eta beste gauza batzuk ere ezin dituzu egin. Baina ez, ez dugu ordu hutsik eduki. Bera oso autonomoa izan da, eta azkenean beste ume bat edukitzea lakoa izan da”.
Kalean eta jolasean eman dituzte ordu asko. “Abadiñon laguntxoak egin ditu, eta pilo bat zaindu dute. Alde bakarra zen txin-txaunetara lehen aldiz joaterakoan, berari nondik igo azaldu behar ziotela”, esplikatu du Lejarazuk.
Neba-arrebak zaintzaile
Beste kasu kuriosoetako bat Maialen eta Euken Bernas neba-arreba elorriarrena da. 20 eta 18 urte bakarrik eduki arren, umeak hartzeko abenturan murgildu dira, Mettu Mohameden kargu eginda. Hori bai, gurasoen onespenagaz izan dela dio Maialenek. “Amak esan zigun guk ere parte hartzen bagenuen eta kargu egiten baginen, ados zeudela. Ardura sentitu arren, oso gustura ibili gara”. Etxetik datorkie sahararren aldeko sentsibilitatea, Eukenen arabera. “Gure izekok betidanik hartu izan du saharar bat, eta geuk ere gura genuen, baina ez geneukan argi zelakoa izango zen esperientzia. Umeak zelakoak ziren ezagutzerakoan, ekarri egin gura genituen”. Izan ere, errefuxiatuen kanpamentuetan egondakoak dira biak, herriko institutuak antolatutako bidaietan. 2010etik hona, Amgala herrian elkartasun proiektuak garatzen dituzte institutuko eta Txintxirri ikastolako kideek, Lajwad elkarteagaz batera eta udalaren laguntzagaz. Mettuk azkenengoz hartu du parte programan, adinagatik. “Bere azkenengo urtea izan denez, topera disfrutatu dugu, guztia egin gura izan du: zinea, barrakak...”, esan du Maialenek. Esperientziagaz pozik agertu da neba ere. “Bera etxean egon den bitartean beste giro bat egon da, poztasuna ekarri du”.
Hasiera, gaitza
Guztiek diote hasieran ez dela erraza, baina gero merezi duela, eta herritarrak proiektuan parte hartzera animatu dituzte. Hori nabarmendu du Jamal Mouludegaz eta bere senarragaz Zornotzako harrera familia bakarra osatu duen Alba Gutierrezek. “Gure etxean arabieraz ere egiten dugu berba, baina abantaila hori edukita ere, berari kosta egin zaio egokitzea. Lehen urtea izan da eta gogorra da hasieran. Baina bigarren hilean askoz lasaiago egon gara”, aitortu du Hiri Ekimena alderdiko zinegotzi ere badenak.
Gustura daude ere Itsaso Agote eta Iñaki Serrano abadiñarrak, Balal Haimadegaz edukitako esperientziagaz. “Hasierako egunetan familiaren falta sumatzen zuen apur bat, baina, bestela, ondo moldatu da. Gainera, beheraldi bat izaten bazuen, familiagaz berba egiten zuen, eta segituan pasatzen zitzaion”, dio Agotek. San Mamesera joandako eguna eta igerilekuan pasatutakoak oroimenean geratuko zaizkie. “Igerilekuan poz-pozik ibili da, denbora guztian barreka”, azaldu du Serranok.
Agotek dioenez, Saharan etxea dutela esan diete Balalen senideek. Aizpea Berrizbeitiaren eta Julio Gonzalezen alabak ere lotura estua egin du Luna Lumbrabetegaz. “Lagunak dira, eta ahizpak direla esaten dute”, amak dioenez. Harreran estreinatu diren boluntario hauek familia berriak sortu dituzte, sahararren esperantza eraikitzeko hondar ale direnak.