Maite Muñoz: "Egoera latza bizi duten umeak dira eta, tarte batean bada ere, irribarre bat ateratzera goaz"

Aitziber Basauri 2017ko eka. 2a, 09:15

Ospitalean egon beharra duten umeei irribarrea ateratzea, bizi duten egoera ahaztuaraztea, minutu batzuetan bada ere. Horixe dute helburu Irrikiklown elkarteko pailazoek. Egoera latzak ezagutzen dituzte, baina "lan polita" da beraiena, Maite Muñozen eta Jabi Muruaren berbetan.

Gurutzetako onkologia eta pediatrian egiten dute lan irabazi asmorik gabeko elkarte honetako 15 pailazoek. Proiektuagaz jarraitzeko, crowfunding kanpaina abiatu zuten apirilean.

Irrikiklown elkartea 2008an sortu zen. Zein helburugaz?
Jabi Murua: Klown-a era sozial batean erabiltzeko helburuagaz, eta ez bakarrik barre eragiteko eta ondo pasatzeko. Lan sozial bat, parte-hartze sozial bat bilatzen genuen, eta ospitalea genuen helburu nagusia. Izan ere,  aurretik lan horretan ibilitako Ospipailazoak elkartearen zelanbaiteko berrantolaketa izan zen Irrikiklown. Ospitalean edo babesgabeko egoeran daudenekin lan egiten du Irrikiklownek. Aspaldian ospitalean zentratu da gure lana, baina arlo sozialean diharduten elkarteekin ere egiten dugu lan. Minbiziaren edo gaixotasun kronikoen inguruan lan egiten dutenekin, adibidez.

Gurutzetako onkologia eta pediatria eremuetan egun berezia dute martitzena. Irrikiklowneko pailazoen bisita dute-eta.
J.M.: Dinamika bi lantzen ditugu. Batetik, elkarteko kide bi, pailazo bi, martitzenero doaz  Gurutzetara, soldata txiki baten trukean. Onkologia eremuan dauden ume batzuek edo gaixotasun kronikoak dituztenek bolada luzeak egin behar dituzte ospitalean, eta horiekin eta senitartekoekin harreman eta konplizitate bereziak sortzen dituzte, eta zain izaten dituzte. Bestetik, asteburuetan, txandaka eta bakoitzak ahal duen neurrian, lan boluntarioa egiten dugu.

Nola jarduten duzue?
J.M.: Lehenik eta behin, prestaketa da garrantzitsua. Ospitalera joan aurretik, saio batzuk egiten ditugu: dinamikak errebisatzeko, aurkezpenak, amaierak, jokoak... ere bai. Aspaldian ospitalera joan ez bagara, berriz hasteko edo gogora ekartzeko balio dute. Taldeak osatzen ditugu, asteburuetan ere bikoteka edo hirukoteka joaten gara-eta. Berez, prestaketa berdintsua dugu denok, martitzenero doazenek bestelako gertutasuna duten arren, guk ez duguna. Ez ditugu maiztasun horregaz ikusten.  Hilean asteburu batean joaten saiatzen gara.

Gelaz gela joaten zarete?
J.M.: Bai. Ospitaleko langileek senideei joatekoak garela esaten dieten arren, eta baimena eskatu, guk berriro eskatzen dugu baimena gelan sartzeko. Ideia bat daramagu buruan, era batera edo bestera garatuko dena, egunaren arabera. Baliteke bertan behera uztea ere, familiak, umeak edo egoerak beste zerbait eskatzen duelako. Batez ere, inprobisatu egiten dugu.

Zein neurritan da gogorra edo zaila egiten duzuen lana?
Maite Muñoz: Lan polita da egiten duguna. Egoera latza bizi duten umeak dira eta, tarte batean bada ere, irribarre bat ateratzera goaz gu. Momentu batez, bizi duten egoera hori ahaztea gura dugu, eta lortzen dugu. Hori oso garrantzitsua da guretzat. Pozik egon daitezen lortu gura dugu. Egoera gogorra den arren, argi daukagu zertara goazen. Ospitaleko klown formazioa dugu, eta hasieran gogorra egin zitzaidan arren,  gaur egun oso pozik noa.
J.M.: Argi dago beraiek ondo pasatzeko norberak ere ondo pasatu behar duela. Ez gara sartzen bizi duten sufrimenduan.

Beldur dira umeak eta beldur horregaz lan egiten duzue?
J.M.: Martitzenetan doazenek jorratzen dute gehiago hori. Hobeto ezagutzen dituzte, eta langileekin batera jarduten dute. Jolasaren bitartez, beldur hori arintzen saiatzen dira.

Umeek nola hartzen zaituztete?
M.M.: Normalean, oso ondo, pozik! Gainera, pasiloetan, itxarongelan... jendea, oro har, prest egoten da jolasean sartzeko.
J.M.: Gogoz daude gu joan gaitezen, eta erraztasun guztiak ematen dizkigute, umeek eta senideek. Eskatutakoa egiteko prest daude ama, amama, izeko... Hala ere, inoiz gelatik bota ere egin gaituzte. Gertatu zait, eta errespetatu egin behar da. Baliteke amak gura izatea baina umeak gogorik ez izatea. Horren aurrean ere jolastu daiteke, egoera berbideratzea lortuz edo ez.

Finantziazioa duzue traba?
J.M.: Martitzenero joaten direnentzat, bai, Irrikiklownek ez du-eta diru iturri egonkorrik. Eguenetan joatea ere gura genuke, era finkoan. Baina estuasun ekonomikoak izaten ditugu. Donazioekin  — adibidez, Cafes Baquek laguntza garrantzitsua eman izan digu— eta bazkideon kuotekin finantzatzen gara.
M.M.: Ez dugu diru-laguntzarik jasotzen Jaurlaritzatik, Osakidetzatik edo udaletatik.

Crowfundinga abiatu duzue proiektuari eusteko. 
J.M.: Proiektua finantzatzeko eta bigarren pausoa emateko, 1.500 euro lortzea da helburua. Ikasturte osorako ez du ematen, baina laguntza bat da. Proiektua ezagutarazteko ere bada. Hilean edo urtean diru bat ipiniko lukeen lagun talde batek beste egonkortasun bat emango liguke, adibidez, baina, momentuz, ez dugu jakin hori garatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!