Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek Bizkaiko Txapelketak jokatu dituzte asteburuan, Berriatuan. Txirrindulariek 131 kilometroko ibilbide gorabeheratsu bati aurre egin behar izan zieten, eta sei txirrindulariko taldetxoan Caja Rural taldeko Iker Azkarate izan zen azkarrena.
Durangaldeko txirrindulariei dagokienez, Markel De La Fuente Eiser Hirumet Taldeko txirrindulariak sasoi betean dagoela erakutsi zuen. Lasterketako zati handi bat ihesaldian egin ondoren, helmugan bosgarren postua eskuratu zuen. Elorriarrak Bizkaiko Txapelketa esku-eskuan izan zuen arren, esprintean ez zuen lortu Txomin Juaristi markinarra menderatzea. Elite mailan, berriz, Alain Ramirezek txapelketa irabaztea lortu zuen.