Larruskain: "Denok gara bat, ondo ezagutzen dugu elkar, eta horixe da Elorrioren gakoa"

Gazte-gaztetatik futbolean jokatzen du Itsasne Larruskain abadiñarrak. Egun, Elorrio Futbol Taldeko kapitainetako bat da, eta denboraldi honetan Euskal Ligako pitxitxia izan da.

Denboraldi honetan emakumezkoen Euskal Ligan golik gehien egin dituen futbolaria zara. Zenbat gol sartu dituzu?
30 jardunalditan 26 gol sartu ditut. Esan beharra dut gol horiek nik sartu ditudan arren, talde guztiarenak direla, denok egin baitugu gogor lan gol horiek lortzeko.

Lan gogor horrek emaitza onak eman dizkizuela esan daiteke, denboraldia laugarren postuan bukatzea lortu duzue eta.
Espero ez genuen emaitza lortu dugu Euskal Ligako bigarren denboraldian. Gutako inork ere ez genuen espero horren aurrean ibiltzea. Oraindik, maila honetan hasiberri batzuk baino ez gara. Baina, partiduz partidu joanda, gu baino hobeak diren taldeak menperatu ahal izan ditugu, eta denboraldia laugarren postuan bukatu dugu.

Zein izan da gakoa?
Taldeko kide denak gara bat, oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta horixe izan da Elorrioren gakoa. Gure taldearen izaeraren parte da denok bat izatea, futbolari, entrenatzaile, staff tekniko... Ordu asko pasatzen ditugu denok elkarregaz, eta talde bat eratzea lortu dugu.  

Euskal Ligan bigarren urtea daramazuen arren, mailara ohitu zaretela esan daiteke?
Maila honetara ohitzea ez da erraza, partidu guztiak oso lehiakorrak eta zailak dira eta. Hala ere, kategoria oso polita da. Hasieran, gure helburua mailari eustea zen, eta apurka-apurka gure burua onenen artean ikusi dugu, nahiz eta gu baino talde askoz hobeak egon.

Zuek baino talde hobeak daudela diozu behin eta berriz, baina duela urtebete hamargarren egitetik laugarren egitera pasatu zarete.  
Horrela da, bai. Baina dena esan behar da; futbolean jokatzen gu baino hobeak dira, bai liga lehen hiru postuetan bukatu dutenak, Zarautz, Bizkerre eta Oiartzun, bai gure azpitik gelditu den Leioa ere. Hala ere, aurten ikusi ahal izan dugu Gontzal Arana entrenatzaileak arrazoia duela, eta intentsitatean eta gogoan indarra jartzen badugu, irabazteko aukerak ditugula. Denboraldi honetan, partiduz partidu hiru puntuen bila joan gara, eta horrek emaitza onak ekarri dizkigu.

Euskal Ligatik bigarren mailara jauzia emateko moduan ikusten duzu taldea?  
Gaur egun ezinezkoa dela esango nuke. Mailaz talde bakarrak igotzen du, eta momentu honetan gu baino talde askoz hobeak daude. Hala ere, egia esan, duela urte batzuk norbaitek esan izan balit Euskal Ligan jokatzen egongo ginela, ez nion sinetsi ere egingo.

Bestalde, azken urteetako zure bilakaerari erreparatuz, denboraldiz denboraldi hobetzen joan zaren kirolaria zara.
Egia da azken urteotan dezente hobetu dudala. Futbolean jokatzen hasi nintzenetik urtez urte hobetzen joan naiz, eta horretan urte hauetako guztietako entrenatzaileek eragina izan dute, besteak beste, Matias Gonzalezek, Tonik, Jon Larrañagak, Mikel Arrubek, Aitor Azpitartek —egun gizonezkoen ohorezko mailan dabil— eta Gontzal Aranak. Baina, egia esan, hobekuntzarik handiena azken urteetan egin dut, eta horretan Elorrion dugun staff  teknikoak asko lagundu dit.

Zerbait berezia egin al dute oraingo taldekoek?
Gontzalek, Mikelek eta laguntzaile lanetan ibiltzen den Markelek oso ondo ezagutzen gaituzte. Gainera, entrenatzaileak konfiantza du gugan, eta hori ezinbestekoa da talde baten funtzionamendurako. Horrez gain, partiduak bukatutakoan egin dugun lanaren balorazioa egiten du entrenatzaileak, eta hori ezinbestekoa da ikasteko.

Zure kirol ibilbideko urterik gehienak Elorrion egin dituzun arren, hasierako urteak ez zenituen bertan egin.
Hamar bat urtegaz herriko talde txiki batean hasi nintzen futbiton jokatzen, Traña-Matienan. Garai hartan, talde xume bat genuen, taldekide baten aita zen gure entrenatzailea, eta ondo pasatzea genuen helburu. Ondoren, hamalau urte bete nituenean taldez aldatzera behartuta nengoen, eta, orduan, inguruko talde batera jo nuen. Aitaren laguntzagaz nire kirol ibilbideari jarraipena eman ahal izan nion, eta ordutik Elorrioko futbol taldean nabil.

Hamaika urtez, beraz, Elorrioko taldean zabiltza?
Bai. Garai hartan zorteduna izan nintzen, baiezkoa eman zidatelako. Hasieratik oso gustura aritu naiz, eta bertan jarraitzea dut helburu. Etxeko partiduetan zein kanpokoetan sortzen den giroa izugarria da. Elorriok zale bereziak ditu, eta partidu guztiak polit egiten dituzte. Hemendik denei eskerrak ematea gustatuko litzaideke, eta jendea animatu egin gura nuke gure partiduak ikustera etortzeko, neskak batez ere. Partiduak ikusten hasi, eta neska askok zelaian futbolean jokatzen bukatu dute. Kirol polita da eta giro bikaina izaten dugu.

Athleticen emakumezkoen talde gazteagaz partidu batzuetan ere aritu ei zinen.
Gazte mailan urtebete egin nuen Athleticen. Lagunarteko partiduak jokatzen genituen. Esperientzia moduan urte positiboa izan zen, baina, egia esan, garai hartan lagunekin futbolean jokatuz ondo pasatzea baino ez nuen helburu.

Argazkia: Itsasne Larruskain

Erlazionatuak

Itsasne Larruskain: "Elorrion denok gara bat, denok gara inportante"

Abadiño Elorrio

Itsasne Larruskain Elorrio Futbol Taldeko kapitainetako bat da. Denboraldi honetan Euskal Ligako pitxitxia izan da abadiñarra.