Etapa luzeak ez dira ikuskizun gehiagoren sinonimo askotan. Indarrak normalean baino gehiago neurtzeko joera dute taldeek, eta horrek ikuskizunari eragiten dio. Horregatik egin dute etapa laburren aldeko apustua. “Asperraldirik gabeko lasterketa bizi eta mugituak izan daitezela bilatzen dugu”, adierazi du Agus Ruiz Emakumeen Bira Ziklismo Kirol Elkarteko kideak aurkezpenean.
Durangaldeko lasterketa bategaz hasiko dute 30. aldia, maiatzaren 17ko eguaztenean. Hiru urte ziren eskualdean hasi eta amaitzen zen etaparik ez zegoena. 16:00etan Iurretan hasiko den etapan Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, eta Zornotzatik ibiliko dira. Azkenengo etapa biak gogorrenak izango dira eta, printzipioz, Birako irabazlea erabakiko dutenak. Laugarren etapa Aralarko San Migel mendatean bukatuko da, Nafarroan. 11 kilometroko igoerak %8ko aldapak ditu, batez beste. Azken etapako erronka ere ez da nolanahikoa: Jaizkibel mendatea.
Santestebanen itzulera
Errenteriako azken etapak protagonista berezi bat izango du: Ane Santesteban errenteriarra. Iaz Rioko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen eta bere herriko udalak lorpen hori aitortu gura dio etapa amaiera bategaz. Gainera, orain hile eta erdi auto batek harrapatu zuenetik errekuperatzen ibili da, eta Biran agertuko da berriro.
Van Vleuten faborito
Irabazteko faborito nagusien artean Annemiek Van Vleuten herbeherearra eta Ashleigh Moolman hegoafrikarra daude. Bien artean Birako bost podium dituzte.
Parte hartuko duten 19 taldeak UCI mailakoak dira, eta euskaldun bi daude horien artean: Bizkaia-Durango eta Lointek.
Bira WWT-an sartzeko eskaera, umore ukituagaz
Women World Tourra sortu zutenetik, Emakumeen Bira egutegi horretan sartu guran dabiltza antolatzaileak. UCIri eskaera bera errepikatu diote 2018ko egutegirako eskaera orrian. Egoeragaz gogaituta, honako hau idatzi dute ‘Lasterketaren izena’ atalean, ingelesez: WWT Race Required Again and Again XXXI. Edition. Behin eta berriro errepikatu duten eskaera dela salatu gura dute. Egutegiari dagokionez, eguazten batean hasi eta domekan amaitzea da 2018ra begirako proposamena, Kaliforniako Itzulitik bueltan datozen txirrindulariek atseden hartzeko denbora izan dezaten. |