Eubakoa ala Iurretakoa?
Oso gustura nago orain Iurretan, baina, Eubakoa (barrez).
Noiztik zara pastelgilea?
18 urtegaz hasi nintzen osabagaz, Bilbon. Oso pastelgile ona zen, eta ofizioarekiko maitasuna transmititu zidan. Ofizio hau gustatu egin behar zaizu. Nik sukaldari izan gura nuen, baina Bartzelonara edo Madrilera joan behar nuen, eta etxean ez zuten begi onez ikusten. Azkenean, pastelgile bukatu dut. Piloa gustatu zitzaidan. Gainera, ikasteko asko mugitu naiz, Bartzelonan, Andorran... ibili naiz.
Ogibide gozoa da zurea. Zu zeu gozozalea zara?
Lehen baino gehiago. Txokolatearen mundura erori naiz pixka bat; gustatzen zait, bai!
Zein duzu postre gogokoena?
Gozoen artean, gurinezko hostopil bat, krema on bategaz. Itzela! Hala ere, niretzat postrerik onena gazta da, ogiagaz eta ardo apur bategaz. Ez dago horrelakorik!
Pastelak baino, artelanak egiten dituzula entzun dugu...
Denbora daukat orain. Oso pozik nator lanera, egunero sortzen dut-eta zerbait. Inauteriak datozela-eta txokolatez apaindutako palmerak eta donuts mozorrotuak egin ditut. Maskarak, eta karolinoak ere bai!
Inauteri zalea zara? Zer dute?
Bai! Edozer jarrita, edonor izateko eta edozer egiteko aukera ematen dute. Beti errespetuz! Baina, aurten, desagertu egingo naiz. Mendira noa. Sanmigeletatik ez naiz gelditu-eta!
Argazki-kameragaz?
Argazki-kamera nire maskara da. Jaiaren erdian egoteko aitzakia itzela da. Gainera, gustatzen zait argazkiak ateratzea, jendeagaz partekatzea... Inauteritan, sanmigeletan, txitxiburduntzian...
Zer izan da eskatutako gauzarik arraroena?
Denetarik izan dugu. Barruan eraztun bat eramango zuen pastela eskatu digute; baita emaztearengandik banantzeko pastel bat ere bai. Oso gogorra! Izango dira 25-27 urte, intsignia nazionala eramango zuen pastela eskatu zidala bezero batek. Ikurrina jarri nuen nik, eta eraman zuen pastela. Hura intsignia nazionala ez zela-eta haserre bueltatu zen. Ez dakit zer gertatu zen pastelagaz! Ez zen gehiago etorri. Pasarte piloa ditut.
Kontatzeko modukorik?
Abadiñar baten despedidarako, urez betetako globo bat txokolatez jantzi genuen. Charles Chaplinen txapelaren itxura zuen pastelak, dena dekoratuta. Aiztoa sartzean ur guztia atera zen mahai gainera. Asmoa, baina, globoa lehertzea zen. Hurrengo despedida batean lehertu zen pastela: lehergailu baten itxurako tarta egin genuen, metxa eta guzti. Eta benetan egin zuen eztanda, barruan petardo bat zeraman eta! Baldarkeria bat izan zen, eta jatetxekoei ez zitzaien larregi gustatu (barrez).
Pastel on baterako sekretua?
Maitasuna. Bizitzako edozein arlotara eraman daiteke hori. Hala ere, erreakzioa ikustea da emaitza neurtzeko era onena.
Dantzan egitea baino errazagoa da pastelak egitea?
Bai! Apur bat baldarra naiz, baina gustatzen zait. Erraza dela dioten horiek ikusi gura nituzke nik pastelak egiten!
Badago postrerik gabeko bazkari edo afari onik?
Ez! Baliteke txarto jan izana, baina postre on bategaz bestelako sentsazioagaz altxatzen gara. Gainera, horrela ez bada, langabeziara goaz gu! (barrez).
Iñaki Izagirre 'Paste' bere amarekin.