Iturrietak azaldu duenez, ekainean hasiko dira emititzen euskarazko bertsioa, eta urte amaieran gaztelerazkoa. Belgika eta gero, Hegoafrika, Uruguai, Nikaragua, Thailandia eta Alemania izango dira hurrengo bidaien helburuak. "Esperientzia polita" dela dio, baina "paliza" ere bai, Belgikan egunean 12 orduz lanean ibili direlako taldekoak, eta gainera horren ostean korrika egin behar izan duelako. Lasterketa bera ere grabatu dute telebistarako; ohiko kamerez aparte, berak Gopro kamera txiki bat eraman du soinean. Belgikan "garagardo zoragarria eta txokolate oso ona" dastatzeko aukera eduki duela dio umoretsu.
Garaipena, urte bi eta gero
Lasterketa batean lehenengo gelditu da Iturrieta, bi urte eta gero. 600 korrikalarik parte hartu dute ibilbide laburra eta luzea gehituta; luzean suertatu da garaile. "Oso pozik nago. Bi urte baino gehiago egon naiz irabazi barik, eta gaur egun edozein lasterketatan irabaztea gaitza dago. Gainera, desnibel gutxikoa izan da, eta ez gaude ohituta. Hemen dena arineketan zen, gorabehera askogaz. Lasterketako marka hiru minutuan hobetu dut".
Lasterketak bizitzeko modu berezi bat topatu du han. "Jendea egunean bertan apuntatzen da eta lekua dago denentzat. Ez dago sari banaketarik, eurentzat lehena eta azkena berdin direlako. Niri sei garagardo botila eman zizkidaten, baina podiumik barik. Hemengo lasterketetan hasieran egon zen txipa daukate, dagoeneko galdu dena".